Bilbo Handia “erabakiaren hiriburu” edo sinbolo bihurtzea izango dute aurtengo erronka Gure Esku Dago dinamikaren Bilboko eta inguruko herrietako taldeek. Horretarako, auzoz auzo “erabakitzeko adostasuna eta nahia” jasoko dituzten adierazpenak landuko dituzte bertako talde eta norbanakoekin eta atxikimendu bilketa bat egingo dute. Helburua da ekainean —ez dute eguna zehaztu— ekitaldi “erraldoi” bat egitea, “Bilboko itsasadarraren bueltan”. Antolatzaileek gogoratu dutenez, Bilbo Handian Euskal Herri osoko biztanleen herena bizi da.
Ekainean ere, independentziari buruzko herri galdeketak egingo dituzte Gipuzkoako Goierri eskualdeko herrietan eta Azpeitian eta Bizkaiko Diman eta Ispasterren. Nafarroako Bakaikun herri galdeketari buruz hitz egiteko bilera bat egin zuten larunbatean.