Konponbidea. Horixe aldarrikatu zuten milaka eta milaka herritarrek Bilbon. Sei alderdik eta zazpi sindikatuk antolatu eta 45 eragilek babestutako manifestazioak erantzun zabala izan zuen. Bilboko kale nagusiak lepo bete zituzten, txiki geratzeraino. Aita Donostia plazatik abiatu eta udaletxera arteko kaleak ez ziren manifestazioak batutako jendetza biltzeko nahiko izan. Errepide eta espaloiek gainezka egin zuten. Eta manifestazioaren leloa zuen pankartaren aurrealdeak zein ibilbidearen alboko kaleak ere jendez bete ziren, pankartaren atzean sartu ezinik.
Manifestazioa abiatu arretik, Autonomia kalea lepo zegoen, Casillatik Zabalburura arte. Buruari bide egiteko betebeharra zutenak errepidea betetzen zuen jendetza espaloian pilatu ezinik zebiltzan. Askok, pankartaren aurretik egin zuten ibilbide osoa. Pankarta udaletxe aurrera iritsi zenean, amaiera Autonomia kaleko erdialdean zegoen oraindik.
1999. urtea ekarri du gogora atzokoak. Lizarra-Garaziko garaia. Urtarrilean eta apirilean manifestazio bana egin ziren, presoen Euskal Herriratzea eta akordioan oinarritutako konponbidea aldarrikatuz. Bilbon inoiz ikusitako jendetza handiena bildu zela esan zen orduan. Konponbide eske, talde abertzale guztiak bildu ziren. Atzo, abertzale guztiak ez, baina gehienek egin zuten bat Konponbide garaia da. Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna leloarekin.
Batasuna, EA, AB, Aralar, Zutik eta EAE-ANV alderdiek eta ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK, ELB eta Hiru sindikatuek antolatutako manifestazioa izanik, horiek guztietako ordezkari ugari izan ziren buruan. Batasuneko Joseba Permach, Pernando Barrena eta Jone Goirizelaia lehen lerroetan egon ziren, esaterako. Baita EAko Begoña Errazti, Unai Ziarreta, Rafa Larreina eta Begoña Lasagabaster ere. ELA eta LABeko idazkari nagusi Jose Elorrieta eta Rafa Diezek ez zuten hutsik egin. Bertan egon ziren Aralarreko Patxi Zabaleta zein ABko Mertxe Colina eta Gazte Abertzaleetako Ibon Usandizaga eta Udalbiltzako Loren Arkotxa ere.
Eusko Jaurlaritza eta EAJ
Ez EAJk ez Eusko Jaurlaritzak ez zuten manifestazioa babestu. EAJko buru Josu Jon Imazek, gainera, bertan ez parte hartzeko eskatu zien militante jeltzaleei. Hala ere, EGIk, EAJren gazte taldeak, bertaratzeko deia egina zuen. Lehen lerroetan ikusi ez diren arren, izan zen EGIko kiderik manifestarien artean, baita EAJkorik ere. Bertan zen, esaterako, Javier Bizkaia, alderdiko prentsa arduradun izana.
EAk Eusko Jaurlaritzan dituen hiru sailburuak ere izan ziren Bilboko kaleetan: Esther Larrañaga, Joseba Azkarraga eta Tontxu Campos. Asko izan ziren atzerritik etorritako ordezkariak. Kataluniako bandera ugari ikusi ziren. ERCko ordezkari asko etorri ziren, Joan Puigercos idazkari nagusia buru zutela. Irlandatik ordezkaritza zabala izan zen Euskal Herriarentzat konponbide eske. Hedabideen artean ere, ohi baino kazetari atzerritar gehiago zeuden, Euskal Herriko egoeraren berri eman nahian. Manifestazioa isila izatekoa zen arren, herritarrek ozen egin zuten oihu ibilbide osoan. Bi eskaera egin zituzten: presoak etxeratzea eta independentzia. Txalo zaparradak luzeak izan ziren. Bestalde, amaiera ekitaldia Eusko Gudariak abestuz bukatu zen. Antolatzaileek ez zuten halako deialdirik egin, baina manifestariek bere kabuz ekin zioten ukabila jaso eta abesteari.
-
KONTAKETA
BERRIAk eginiko kontaketaren arabera, 84.000
84.150 lagun izan ziren manifestazioaren ibilbidean, Berriak eginiko kontaketaren arabera. Ibilbidearen espazioaren neurtuta eta metro koadro bakoitzean hiru lagun sartzen direla kalkulatuta egin du neurketa. Halako kontaketak egitean, metro koadroko hiru edo lau lagun sartuta egin ohi dira kontaketak. Berriak hiru laguneko oinarria erabili du.
Nolanahi ere, zenbakia gutxi gorabeherakoa dela esan daiteke. Izan ere, errepidean zirenak soilik hartu ditu kontuan eta zenbait tartetan espaloia ere hartzen zuen jendetzak. Concha kalean, esaterako, espaloiak ere jendez lepo egon ziren manifestazio osoan. Autonomia kaletik Conchara sartu zen manifestazioa, eta Concha Autonomia baino askoz estuagoa izanik, ezin sartu ibili zen jendea. Urkixo zumarkalean ere espaloiak erdi beteta egon ziren.Horrez gain, ehunka lagunek egin zuten ibilbidea bai pankartaren aurretik, bai alboko kaleetatik. Jende askok, Conchara sartu ordez, Egaña kaletik egin zuen ibilbidea, kalea betetzeraino. Hurtado Amezagan ere jende multzoak zihoazen.
Alec Reid apaiz irlandarrak sortutako ikusmina
Akordioan oinarritutako konponbidea aldarrikatu du Alec Reid apaiz irlandarrak ere Bilbon. Bake prozesuetan eskarmentua izanik, asko du esateko baketzeari buruz.Irlandako prozesuan bitartekari lanetan aritua da. Euskal Herriarentzat ere konponbide garaia dela aldarrikatu du, bertaratuta. Ikusmin handiena sortu duen pertsona izan zen atzo. Alderdi, sindikatu eta eragileetako ordezkariak hura agurtu nahian ibili ziren, etengabe bostekoa ematera gerturatuz. Joseba Azkarraga, Esther Larrañaga eta Tontxu Campos sailburuekin egon zen une oro. Amaiera ekitaldian, eragileen artera sartzean, herritarren txalo zaparrada beroa jaso zuen.