Bilbobus autobus konpainiako langileek goizean egindako lanuztean zerbitzu minimoak eskaini dituzte, Bilbobus kudeatzen duen Veolia enpresaren eta langileen arabera. 07:30etik 09:30era egin dute lanuztea.
18:00etatik 20:00etara beste lanuzte batera deitu dute langileek. Martxoaren 8, 13 eta 16rako lau orduz greba egitera deitu dute.
Langileek Veolia enpresaren jarrera salatu nahi dute mobilizazioen bidez. Haien arabera, lan hitzarmena "blokeatua dute", eta langileen baldintzak "gero eta kaskarragoak" dira.
Pedro Angulo Veolia enpresako batzordeko presidenteak salatu du enpresak aste honetarako eta hurrengorako sindikatuen ordezkariekin aurreikusita zituen bilerak "bertan behera" utzi dituela.
Bestetik, Bilboko Metroko langileak ere protesta egiten ari dira, metroko bulegoaren aurrean. 08:00etatik 18:00etara egingo dute protesta. Lan baldintzen murrizketak salatzen dituzte.