Bilbobus autobus konpainiako eta Bilboko Metroko langileek lanuztera deitu dute gaurko ere. Bilbobuseko langileek zortzi orduko lanuztera deitu dute; lau ordu egingo dituzte goizean, eta beste lau arratsaldean. Goizeko lanuztea 07:30etik 11:30era izango da; arratsaldekoa, berriz, 17:00etatik 21:00etara. Denbora tarte horietan, %30eko gutxieneko zerbitzuak izango dira martxan.
Gaur, bi aldeek batzarra egin dute Bilbon. Pedro Angulo langileen batzordeko presidenteak bileraren ondoren esan du aurretik hitzartutako gaiak jorratu dituztela, eta salatu du otsailaren 13tik ez dela lan hitzarmenaren inguruko negoziaziorik izan. Veolia enpresako iturrien arabera, lan hitzarmenarekin lotura duten gaiak landu dituzte gaur.
Veoliak 2016. urtera arte du bere esku Bilbobus zerbitzuaren kudeaketa, eta azken hilabeteetan Pesa konpainiarekin negoziatzen ari da, zerbitzua saltzeko.
Bilboko Metroko langileek, bestalde, hiru orduko lanuztera deitu dute gaurko, 12:30etik 15:30era. Konponbidea aurkitu nahian, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio Batzordeak bilera egin zuen. Ekitaldi bereziak daudenean zerbitzu bereziak eskaintzeko eskatu zioten Bilboko Metroko zuzendaritzari.
Sindikatuen arabera Bilboko Metroko langilen %90ak bat egin du goizeko lanuzteekin.