Bilbobuseko langileen greba mugagabeak hamazazpigarren eguna du gaur, baina badirudi bukaera gertu dagoela. Astelehenean jaso zuten Iñaki Eguskizaga bitartekariak egindako proposamena, eta, atzo goizean egindako bileran, langile gehienek onartzea erabaki zuten.
Pedro Angulo langile batzordeko presidentearen hitzetan, ez zaie batere gustatu proposamena, ez dituelako betetzen beharginen eskaerak. «Hasiera-hasieratik Eguskizagaren bitartekaritza patronalaren aldekoa izan da, langileen aldekoa baino gehiago», salatu zuen Angulok.
Haren esanetan, aparteko orduen auzian gehiago espero zuten. Izan ere, langile batzordeak ordu horiek osorik hartzea eskatzen zuen, eta horri aurre egiteko enpresak langile gehiago kontratatzea proposatu zuen. Laudoak, ordea, hamabost eguneko oporraldien bidez hartuko liratekeela dio. Soldata igoerari dagokionez, Angulok gogorarazi zuen eurek ez dutela horren inguruko eskaerarik egin: «Bitartekariak sektorearen batez besteko soldatak hartu ditu oinarri modura».
Edonola ere, «koherenteak» direla esan zuen Angulok, langileek egindako bilera bukatutakoan. Hala, bitartekariak gatazkan esku hartzea onartu zuten bezala, haren proposamena onartzea erabaki dutela azaldu zuen. 302 langilek baiezko botoa eman zuten; 80k ez zuten onartu; 7 boz zuri izan ziren, eta baliogabe bat.
Langileek euren lana egin dutela azaldu zuen Angulok, eta enpresari berdintsu jokatzeko eskatu zion. Bien bitartean grebak aurrera jarraituko duela ohartarazi zuen. Hala, autobusak lanean hasteko ordua iritsi aurretik berririk jaso ezean, gaur goizaldean autobus biltokietan egongo direla aurreratu zuen.
Negoziatzen jarraitzeko deia
Veoliak ez du erantzun zehatzik eman. Ez zaio gustatu proposamena; batez ere, soldata igoerari dagokion neurria. Hileroko igoeraz gain martxoko paga handitzeak %3ko soldata igoera dakarrela duela ohartarazi dute, ohar bidez. «Enpresa egungo egoera ekonomikoan ez da gai eskaera horri erantzuteko», azaldu dute enpresako ordezkariek.
«Harriduraz» hartu dute neurri horri jaso izana laudoan, langile batzordeak baieztatu duen bezala negoziazioetan ez zelako behin ere aipatu. Hala, soldata igoeraren auzia berriz aztertzeko eskatu diote Eguskizagari, eta langileekin negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu dute.
Bilbobuseko langileek laudoa onartzea erabaki dute
Veoliak ez dio ezezkorik eman baina, onartzeko, soldata igoera jaso duen proposamena berriz aztertzea eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu