Bilboko Arrakala espazioa hustu dute udaltzainek

05:00etan sartu dira udaltzainak eraikina hustera. Hamabost urte zeramatzan hutsik. 

Eraikina gaur goizaldean hustu dute. AZET, @AZTALDEA
2021eko maiatzaren 11
10:37
Entzun

AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak azaldu duenez, gaur 05:00etan Udaltzaingoak, Ertzaintzaren eta suhiltzaileen babesarekin, Bilboko Arrakala gunea hustu du. Han zauden pertsonak identifikatu, eta kaleratu egin dituzte eraikinetik. 

Hamabost urtez egon da eraikina hutsik, eta apirilaren 24an hartu zuen gunea AZETek. Hustea salatzeko, manifestaziora deitu dute gaur arratsalderako, 20:30ean, Etxebarrietan, Kaleratzerik ez, zuena da biolentzia lelopean. 

24 orduan izandako bigarren hustea da Arrakalarena; izan ere, atzo goizean, Desokupak lokal bat hustu zuen Bilboko Basurtu auzoan, Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtuko Gazte Asanbladak deituta, kontzentrazioa egin zuten atzo, 20:00etan, Basurtun bertan. 

LAB sindikatuak salatu egin du Udaltzaingoak eraikina hustu izana eta nabarmendu du Juan Mari Aburto alkatea Udaltzaingoan ezartzen ari den «noraez autoritario eta errepresiboaren beste adierazpen bat» dela goizaldekoa: «Udaltzaingoa gero eta gehiago eta azkarrago urruntzen da ustez defendatzen duen hurbileko polizia eredutik».

Alkatea eta EAJ-PSE gobernua udaltzaingoaren eta herritarren arteko aldea handitzen ari direla salatu du aipatu sindikatuak, eta hori kontraesanean dagoela «hurbileko» Poliziaren ideiarekin. Halaber, alkateari eskatu diote «dinamika errepresibo hori» geldiaraz dezatela eta ez dezatela parte hartu eta ez ditzatela babestu datozen egunetarako programatuta dauden etxegabetzeak.

Desokupa Bilbon

Desokupak joan den astean jakinarazi zuen asteazken honetan Bilbon izango dela. Eragile batzuk hasiak dira biharko etxegabetzea eragozteko antolatzen: besteak beste, 7katu gaztetxea eta Bihotzean Bilboko Zazpikaleetako auzo elkartea.

Jakinarazi dute ez dakitela zein den hustu nahi duten etxea, eta mezu elektroniko bat zabaldu dute haren inguruko informazioa biltzeko: [email protected]. Gainera, gaur manifestazioa egingo dute, 20:00etan, Etxebarrietan, eta asteazken goizean, berriz, «gosari antifa», 07:30ean hasi eta 11:30ak arte. 

Atzo, sare sozialetan, Daniel Esteve Desokupako buruak berretsi zuen Bilbon izango direla bihar. Ez hori bakarrik: iragarri du bi aste barru euren Desokupa TV telesailaren kartel erraldoi bat jarriko dutela Bilboko erdigunean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.