Azken 24 orduetan Bilboko Aste Nagusian hiru eraso homofobo izan direla salatu du EHGAM sexu askapenerako mugimenduak. Horietatik azkena bart goizaldean bertan gertatu dela zehaztu du Bilboko Konpartsak elkarteak, eta, gainera, jai eremuan izan dela. Agidanez, gizonezko bati eraso egin diote haren sexu jokabideagatik, eta erietxe batean artatu behar izan dute egin dizkioten zauriengatik.
Hori guztia dela eta, 18:00etan elkarretaratzea egin dute Arriaga antzokiaren atarian, eraso horiek eta, oro har, homofobia salatzeko, Bilboko Konpartsek antolatuta. Gauerdian, berriz, ordu laurdenez itxi egingo dituzte txosnak, eta burrunba egingo dute lapikoekin.