Bilboko jai gunean sailkatuta bildutako hondakinak kamioi berean jasotzen ari direla salatu du EH Bilduk. Plastikozko, paperezko eta gainerako zaborren edukiontzietan pilatutako hondakinak nahasten ari direla frogatzeko, bideo bat kaleratu du koalizio abertzaleak, eta "iruzurtzat" jo du gertaturikoa: "Adar jotzea da".
EH Bilduk salatua du lehenago ere Ledesma eta Berastegi kaleen artean dauden lurpeko edukiontzietan nahastu egiten dituzte hondakinak, eta gogorarazi du hutsa errotik konpontzeko prest agertu zela udala iragan maiatzean. Edonola ere, "konpromiso hori" ezerezean geratu izana deitoratu du koalizio abertzaleak: "Beste behin ere, agerian geratu da EAJk eta haren bazkide PSE-EEk ez dutela borondaterik hondakinak birziklatzeko".
Koalizio abertzaleko bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak oroitarazi du, halaber, ez dela aurreneko aldia garbiketa zerbitzuek mota ezberdinetako zaborrak nahasten dituztela. "Arduragabekeria itzela da, gertaera benetan larria, eta herritarrekiko eta bereziki konpartsekiko begirunerik ezaren erakusgarria". Halakorik berriro ez gertatzeko eta hondakinen %60 birziklatzeko, neurriak har ditzala eskatu dio EH Bilduko eledunak Juan Maria Aburto alkateari.
Presazko agerraldia
Horren haritik, Bilboko Obra eta Zerbitzu zinegotzi Oihane Agirregoitiaren presazko agerraldia galdegin du Ibaibarriagak. Jai guneko beste tokiren batean ere halakorik jazo ote den jakin nahi du koalizio abertzaleak, eta are garrantzitsuagoa dena: "Nork hartu duen herritarrei iruzur egiteko erabakia, hondakinak bereizi gabe jasotzekoa: udaleko Obra eta Zerbitzuak sailak agindu duen edo enpresak bere kabuz erabaki duen".
Hala izatekotan, enpresaren jardun "oker eta arduragabea" udalak nola zigortuko duen jakin gura du EH Bilduk. Baina ez hori bakarrik. Ibaibarriagak ere kezka agertu du, ez baitaki hondakin horiek zehazki nora jaurtitzen dituzten. Koalizio abertzaleko ordezkariak gogora ekarri du, bestalde, Bilboko birziklatze tasa "txikia" dela —%27,43koa—, eta gaztigatu du gisa horretako praktika "onartezinen" eraginez "are larriagoa" dela Bilbok gai horri erreparatuta duen "hutsunea".