Politika

Bilboko Gobernu Militarrean ekintza sinbolikoa egin dute, mugimendu intsumisoaren 20. urtemugan

'20 urte desobeditzen' itsasgarria bizkarrean, eraikina eraisteko itxurak egin dituzte KEN-MOC mugimendu antimilitaristako bost kidek, beste hogeiren babesarekin. Duela hogei urteko ekintza errepikatu dute, eta gastu militarrak behar sozialetara bideratzeko eta armadak desagerrarazteko eskatu dute. Gaur Intsumisio Jaia egingo dute Bilbon, MOCek eta Kakitzatek antolatuta.

2009ko otsailaren 14a
16:50
Entzun
Espainiako armadak Bilbon duen Gobernu Militarrean ekintza sinbolikoa egin dute gaur goizean bost bat lagunek, beste 20 baten babesarekin. Hain justu, mugimendu intsumisoaren 20. urtemugan egin dute ekintza, eta duela 20 urte egindako ber-bera egin dute orain: buzoak jantzita, eta mazo eta pikotxez, eraikina eraisten ariko balira bezala jardun dute KEN-MOC mugimendu antimilitaristako kideek.

Oraingoan, ekintzaileek 20 urte desobeditzen itsasgarria zeramaten bizkarrean. 20 urte dira Espainiako eta Frantziako armaden kontrako intsumisio mugimendua hasi zela. Urtetako borroka eta jende askoren inplikazio eta kartzelatzeen ondorioz, azkenean Espainiako Gobernuak derrigorrezko soldaduska kentzea lortu zuten Euskal Herriko nahiz Espainiako Estatuko beste herrietako gazteek. KEN-MOCeko kide Jose Inazio Royoren esanetan, "orain helburua armadak desagerraraztea" da. "Gastu militarrak behar sozialetara bideratu behar dituzte gobernuek, eta armak zirkulaziotik kendu, baita armadak desagerrarazi ere".

Ildo horretan, eta mugimendu intsumisoaren urtemugaren haritik, gaur Intsumisio Jaia egiten ari dira Bilbon, MOCek eta Kakitzatek antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.