Bilboko hondakinen zentroa Pabisak eta Sacyr Vallehermosok egingo dute

Arraitz mendian egingo dute, Zabalgarbiren ondoan, eta 200 milioi euroko aurrekontua izango du

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Sacyr Vallehermosok eta Pabisak osatutako aldi baterako enpresa elkarteak egingo du eta hamar urtez kudeatuko du Bilboko hondakinen tratamendu mekaniko-biologikoko zentroa.

Hondakinen zentro berria Arraiz mendian egingo dute, Zabalgarbi errauste plantaren ondoan. Lanaren ardura jaso duen enpresak ohar baten bidez jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiaren enpresa Garbikerrekin sinatu duten kontratuaren berri. Kontratu horretan, enpresa taldeak ardura hartu du eraikuntza egiteko eta hamar urtez zentroa kudeatzeko. Hamar urteko epe hori bost urtez luza dezakete gero, enpresaren iturrien arabera.

Tratamendu mekaniko-biologikoko zentroetan hondakinak hartu eta bereiztu egiten dira, lixibatuak eta hondakin organikoen jarduera biologikoak ahalik eta gehiena murrizteko. Bereizketa horren ondorioz, erraustera eramaten den hondakinak prestatu egiten dituzte.

Bilboko tratamendu mekaniko-biologikoa egiteko behar diren 200 milioi euroak Europako Inbertsio Bankuak eman dizkio aldundiari, mailegu baten bidez.

Sacyr Vallehermoso enpresak hondakinak tratatzeko 47 planta ditu Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan barreiatuta. Horrez gain, eraikuntzan, azpiegituretan eta energiaren alorrean ditu negozio handienak, besteak beste, Repsol YDFren akziodun nagusia da. Akzioen %20 bereak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.