Bilboko Konpartsek Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatu dituzte abuztuaren 25etik 29rako, baina horretarako gordea zuten material asko ebatsi egin dietela salatu dute.
«Konpartsok inbentarioa egiten gabiltza, lokalean, baina aurretik esan dezakegu balio handiko kontuak ostu dituztela», adierazi du Mari Paati Bilbao konpartsakideak.
Ohar baten bidez zehaztu dutenez, besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan ipintzeko beharrezkoak direnak lapurtu dizkiete.
«Itxura denez, lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea. Baiezta dezakegu, ordea, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitaukagu, bilbotar denei eskaintzeko prest». Jardunaldietarako panelak eta beste baliabide asko ez dituzte eraman, aparte gordeta zituztelako.
Hainbat jarduera bertan behera utzi beharko dituzte, lapurretaren eraginez. Abuztuaren 20an agerraldia egingo dute programazio berria aurkezteko.
Irria berreskuratzeko asmoa
Uztailaren 8an aurkeztu zuten ekimena. Ohartarazi zutenez, proposamena ez zen «ez-jaiak sortzea», baizik eta kultur programazioa baten bidez, Bilbori «irria berreskuratzen laguntzea», «COVID-19aren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean». Ekitaldi guztiak osasun neurri guztiak beteta egingo zirela ohartarazi zuten.
Ez dute gauerako emanaldirik antolatu. Bilboko Irria goizean, eguerdian eta arratsaldean egingo dela, eta emanaldi guztiak aire zabalean izango direla iragarri zuten.
Iragan ekainean, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa osatzen duten beste eragileek bertan behera utzi zuten Aste Nagusia bigarren urtez jarraian, aurten ere ez baitago «baldintzarik», haien hitzetan, ohiko Aste Nagusia antolatzeko.
Iaz Bilboko Konpartsak saiatu ziren Aste Nahasia izenarekin ekitaldi sorta bat antolatzen: «51 ekitaldi ludiko eta kulturalen egitarau xumea» osatzeko asmoa zuten, baina bertan behera utzi behar izan zuten, egoera epidemiologikoak okerrera egin zuelako. «Erantzukizunez» hartutako erabakia izan zela adierazi zuten.