Bilboko Konpartsen Federazioak bat egin du Orain Presoak dinamikak aurkezten dituen aldarrikapenekin, eta, beraz, dinamikarekin berarekin. "Gizarte justuago baten eraikuntzan" lan egiteko babesa adierazi dio dinamikari, eta bere egin ditu Orain Presoak-en aldarrikapen nagusiak. Hauek galdegin dituzte: urrunketa amaitzea; larriki gaixo dauden presoak behar bezala artatzea, "orain eta hemen"; Europako legediak dioen moduan, Espainiako eta Frantziako estatuetako zigorrak batzea; eta gradua aldatzea.
Dinamikak urriaren 20an Bilbon egingo duen manifestaziora joateko dei egin dute Bilboko Konpartsek.
Bestalde, Covite kritiko azaldu da espetxetik irtetean presoei eginiko harrerekin. Biktimen elkarteak adierazi du bi salaketa jarriko dituela bi euskal presori eginiko harrerak direla eta. Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatuko dio Joseba Enbeita eta Leire Etxebarria euskal preso ohien harrerak aztertzeko; biktimei umiliaziorik eta "terrorismoari gorazarrerik" egin ote zitzaion aztertu nahi dute. Bi ongietorriak Bilbon eta Basaurin (Bizkaia) egin ziren, eta Covitek antolatzaileak identifikatu nahi ditu. Bilboko udalak izandako rola ere ikertzeko eskatu du biktimen elkarteak; izan ere, Juan Mari Aburto Bilboko alkateari (EAJ) egotzi diote harrera Uribarriko plazan egiteko baimena eman izana.