Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Konpartsek plantoa egingo dute Aste Nagusiko asteazkenean

Lehengo urtean egin zuten bezala, aurten ere plantoa egingo dute, "jai herrikoi eta parte hartzaileak" aldarrikatzeko eta bi konpartsen aurkako zigorrak salatzeko. "Erronkaren Aste Nagusia" izendatu dute aurtengoa, "aldatu ezin dena aldatzeko" Aste Nagusia.

2011ko uztailaren 28a
18:03
Entzun

Bilboko Konpartsek plantoa egingo dute Aste Nagusiko asteazkenean. Plantoa "jai herrikoi eta parte hartzaileak" aldarrikatzeko egingo dute, eta udalak Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei presoen argazkiak erakusteagatik ezarritako zigorra salatzeko. "Erronkaren Aste Nagusia" izendatu dute aurtengoa, "aldatu ezin dena aldatzeko" Aste Nagusia.

Bilboko Konpartsetako bozeramaileek azaldu dutenez, Bilboko Areatza "beltzez eta isilik" egongo da jaietako asteazkenean, lehengo urtean egin zuten bezala. Egunak hiru elementu izango dituela gehitu dute: urte hauetan gehitzen joan diren arazoekin lotsaren pasiloa osatuko dute txosna guztien artean, Marijaiak kaleak hartuko ditu goizean ere jai herrikoeien aldeko aldarria zabaltzeko eta konpartseroon harrotasunaren lehen desfilea egingo dute.

Herritarrei dei egin diete elastiko beltza eta esparru publikoaren erabilerari buruzko ordenantzak debekatzen duen edozein elementu eraman dezaten. Egun horretan "zerbait oso ikusgarria" gertatuko dela iragarri dute, baina ezin izan dute horri buruz ezer gehiago aurreratu.

Aurtengoa "erronkarako Aste Nagusia" izango dela azaldu dute konpartsetako kideek, "konpartseroa izatearen harrotasuna" zabaldu nahi dute; "jendearen babesa eta laguntza eskatuko dugu, era dibertigarrian baina sendotasunez", zehaztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.