“Tentsio uneak” izan dira gaur goizean Bilboko Dendarikaleko Maison 13 etxe okupatuan. Eraikinaren jabea bertara agertu da, ustez segurtasun pribatuan lan egiten duten gizon batzuekin: sarreretako bat hormaz estali du, eta bestean sarraila aldatu du. Maison 13ko kideek salatu dute “agindu judizialik gabe” sartu direla etxera, eta pertsona bat zegoela barruan sarbideak itxi dituztenean. “Etxebizitza bortxatzearen delitua izan delakoan, Ertzaintzara deitu dugu”, azaldu diote BERRIAri. Poliziek, ordea, pertsona hori kaleratu dute, eta eraikina hutsik geratu da.
Halere, jabeak alde egin duenean, etxera sartu dira berriro okupatzaileak. Une horretan, liskarrak izan dituzte segurtasuneko langileekin: “Jo gaituzte, eta gasa isuri digute”. Ertzainek hainbat lagun identifikatu dituzte, tartean segurtasuneko langileak, baina ondoren joan egin dira, eta eraikin barruan geratu dira okupatzaileak: “Autogestioak aurrera jarraituko du. Elkartasunaren bidez lortu dugu etxea berreskuratzea”.
Ildo horretan, auzokoen jarrera “oso ona” izaten ari dela nabarmendu dute: “Gaur pertsona askok adierazi digute babesa, eta aurreko egunetan ere laguntza eskaintzera etorri zaizkigu”. Atzo ere Maison 13ra gerturatu baitziren ertzainak: jabeak salaketa jarria du, eta prozedura horren barruan, eraikinean zegoen pertsona bat identifikatu zuten.
Maiatza erdialdean okupatu zuten Maison 13: “Erabat abandonatuta zegoen”. Eraikineko zati batzuek hamar urte zeramatzaten hutsik; beste batzuk okupatuta egon ziren aurretik ere: “Duela bi urte indarrez hustu zuten, etxeak hutsik jarraitzeko”. Otsailean Erribera 13 eraikina hustu ondotik, indarrez itzuli da okupazio mugimendua Zazpikaleetara, eta egun gutxitan etxebizitza eskubideari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Maison 13n: joan den astean egin zituzten. Halaber, lauzpabost lagun bizi dira barruan.