Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako iturriek esan dutenez, larunbatean Bakearen eta elkarrizketaren alde manifestazioko pankarta ez dute politikariek eramango, baizik eta herritarrek, eta bukaeran ez da agiririk leituko; “eskerrak besterik ez” dituzte emango. Leloa, euskaraz baino ez da egongo. Bilbon izango da manifestazioa, jakina denez, 17:00etatik aurrera. Jesusen Bihotzean hasiko da eta, Kale Nagusitik joan ondoren, udaletxe aurrean amaituko da.
Jaurlaritzako kontseilu politikoak -Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Javier Madrazo Etxebizitzakoak- atzo egin zuen manifestazioaren deialdi ofiziala.
PSE-EE ez da joango, Batasuna joaten bada
Manifestazioan izango direla iragarri zuen igandean PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek, nahiz eta garbi utzi zuen ez datozela leloarekin bat. Gaur, baina, baldintza zehatza jarri du manifestazio horretan izateko: Batasunak ez parte hartzea.
"Atentatua gaitzetsi ez dutenekin, ETAren aginduetara makurtu eta elkarrizketarako ezinbesteko oinarri den indarkeriarik eza lehertarazi dutenekin batera ez gara izango manifestazio batean", adierazi du SER irrati katean aukera horri buruz galdetu diotenean. Batasunak parte hartuko duen ez du esan oraindik.
PSE-EEko buruzagiak, berriz, manifestazioan izateko prestutasuna agertu du, baina lehen aipatutako baldintza hori jarrita. Lopezek berriro agertu du ez datozela bat Jaurlaritzak aukeratutako leloarekin, baina "demokraten batasuna" irudikatze aldera ekitaldian izango direla.
Batasunak manifestaziora joatea guztiz ez baztertu izana Ibarretxe lehendakariaren "anbiguotasunak" eragin du Lopezen ustez, eta EAJko presidente Josu Jon Imazek bestelako jarrera erakutsi duela nabarmendu du; hots, Batasunak indarkeria gaitzetsi arte ez dutela indar horrekin harreman politikorik izango agertu duela.
ELA manifestaziora joango da
ELA sindikatuak gaur agiri baten bidez esan du larunbatean Bilboko manifestazioan izango dela, besteak beste, bere ustez, Bakea eta elkarrizketaren alde leloak ezker abertzalea ez isolatzea esan nahi duelako. ETAri "politika armen bidez egitea behin betiko uztea" eskatu dio ELAk, "zilegi ez izateaz gain, atentatuek ez dutelako laguntzen Euskal Herri askeago eta justuago bat eraikitzen". Espainiako Gobernuaren eta Estatuaren jokabidea ere "bakearen kontrakoa da", ELAren iritziz.
Bilboko manifestazioko pankartan ez dira politikariak joango eta bukaeran ez dute agiririk leituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu