Agerraldi bat egin dute gaur Donostiako Artzain Onaren katedralaren atarian, Bilbon euskal presoen eskubideen alde larunbatean egingo duten manifestazioari babesa adierazteko. Besteak beste, Herria 2000 elizak, Foro Erlijioso Popularrak, Kristau Elkarte Herritarrak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak bat egin dute protestarekin.
Pello Zabala frantziskotarrak hartu du hitza. "Gatibu, pobre eta zapalduen askatasuna bere hitzez eta egitez aldarrikatu zuenari leial izan nahian" bat egin dute manifestazioarekin, Zabalaren esanetan. 30 ordezkari inguru elkartu dira gaurko agerraldian, eta pankarta bat zabaldu dute: Berak nau bidali askatasuna gatibuei hots egitera leloa zuen idatzia.