gizartea

Bilboko Metroko auzia langileek aldarrikatzen zuten eran gauzatu dela azpimarratu dute sindikatuek

Langileen batzordeak oniritzia eman zion atzo metroko zuzendaritzak eta sindikatuek asteartean onartutako akordiorako oinarriari. Bi aldeek hitzarmena sinatu dute gaur goizean. ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek "langileen hitza" errespeta dadin espero dute, Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez.

2012ko maiatzaren 24a
13:03
Entzun

Amaitu da urtebete iraun duen Bilboko Metroko lan gatazka. Langileen batzordeak oniritzia eman zion atzo metroko zuzendaritzak eta sindikatuek asteartean onartutako akordiorako oinarriari, eta gaur greba batzordea osatzen duten bost sindikatuetako ordezkariek —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK— adierazi dutenez, auziaren amaiera langileek aldarrikatzen zuten bezala gauzatu da. "Traba bakarra akordioa aspaldi lor genezakeela da, egindako mobilizazio, adierazpen, salaketa eta abarrak, eta, bereziki, guk metroko langileok jasan dugun kriminalizazioa saihestuz", azaldu du Uxune Iriondo LABeko ordezkariak Bilbon egindako agerraldian. Bi aldeek hitzarmena sinatu dute gaur goizean.

Aurrerantzean langileen "ahalmena eta hitza" errespetatuko direla espero dute. Akordioaren edukiari dagokionez, bi klausula berezi gehitu direla jakinarazi dute. Batean sindikatuak eta zuzendaritza hilean behin biltzeko foroa sortzea proposatzen da. Bigarrenean, balizko urratzerik bada, aukera ematen zaie langileei Lan Harremanen Kontseilura joateko, gaizki ulertuak argitzera.

Sindikatuen arabera, lau izan dira zuzendaritzarekin egin dituzten bileren inguruan lortutakoak: auzia osorik aztertzea, kanpoko behatzaile batek bilerak bideratzea, agerian uztea urrun zeudela zuzendaritzak ordura arte egindako adierazpenak eta negoziazio mahaian erakusten zuen jarrera, eta sindikatuen ordezkaritza errespetatu eta argudioak balioetsi diren esparru bat sortzea.

"Hain denbora laburrean ibilitako bide horrek argi utzi du lan gatazka hutsa zela gurea, eta ez politikoa, beste batzuek behin eta berriro saldu nahi izan duten bezala. Garbi geratu da, halaber, guztiz beharrezkoa zela negoziazio mahai batean konpontzea, bi aldeak errespetatuko ziren eta langileen eskubideak kontuan izango ziren mahaian, alegia", adierazi du Iriondok.

Langileen %86,5ek onartu zuten hitzarmena, atzo goizez eta arratsaldez egindako batzarretan. 

Azken asteetan, Lan Harremanetarako Kontseiluaren bitartekaritzarekin puntu batzuk adosten joan dira bi aldeak, eta aste honetan behin betiko akordioa lortu dute. 

Protestak, iazko maiatzaz geroztik

Bilboko Metroko zuzendaritza eta sindikatuak bost puntutan bat ez zetozela eta, iazko maiatzaz geroztik lanuzte eta protesta ugari egin dituzte metroko langileek; azkena apirilaren 27an egin zuten.

Tartean, San Tomas egunerako deitutako greba izan zen zalaparta handienetakoa sortu zuena. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak greba deialdia bertan behera uzteko eskatu zuen, baina deialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen langile batzordeak.

Athletic-Manchester United Europako Ligako final-zortzirenetako partidaren egunean ere grebara deitu zuten. Aste Santuan eta Pazko Astean greba deialdiak albo batera uztea erabaki zuen langile batzordeak, eta apirilaren bigarren  hamabostaldian jarraitu zuen deialdiekin.

EAJk auzia konpontzeko exijitu zuen apirilean Batzar Nagusietan, "bizkaitarrak nazkatuta" zeudela iritzita.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.