azpiegiturak

Bilboko Metroko goizeko lanuzteak %90eko erantzuna izan du, langileen arabera

Bilbobuseko langileek ere protesta egin dute 08:00etatik 10:00etara, eta langile batzordeak esan du lanuzteak "erabateko" babesa izan duela.

2012ko martxoaren 8a
12:02
Entzun

Bilboko Metroko langileen batzordeak —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK-k osatzen dute— jakinarazi du goizean egindako lanuzteak %90eko erantzuna izan duela, eta zerbitzu minimoak martxan izan direla.

05:45etik 7:45era egin dute lehen lanuztea. Gidarien artean %90eko jarraipena izan duela azaldu dute, eta geltokietako langileen %85 batu dela lanuztera.

Bestetik, zuzendaritzak dio zerbitzu minimoen "apur bat gainetik" eskaini dutela zerbitzua —%30eko zerbitzu minimoak zeuden ezarrita—.

Bilboko Metroak gaur jakinarazi du lanuzteen eragina jasan duten erabiltzaileek datorren astetik aurrera jasoko dituztela iragarritako hobari bonoak. 

Bilbobus, bi orduko bi lanuzte

Bilbobus konpainiako langileek ere lanuztea egin dute, 08:00etatik 10:00etara. Langile batzordeak esan du goizeko lanuzteak "erabateko" babesa izan duela. 17:00etatik 19:00etara beste lanuzte batera deitu dute.

Langileek Veolia enpresaren jarrera salatu nahi dute mobilizazioen bidez. Haien arabera, lan hitzarmena "blokeatua dute", eta langileen baldintzak "gero eta kaskarragoak" dira. 

Langile batzordeak batzar bat antolatu du gaur 23:30ean, egin dituzten protesten inguruko balantzea egiteko.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.