Bilboko Metroko langileek lanuzte gehiago egingo dituzte apirileko bigarren hamabostaldian, bi lanuzte astean, hain zuzen. Hilabeteko lehen bi asteetarako, ordea, ez dute lanuztera deitu, eta beraz, Aste Santuan eta Pazko Astean ez da zerbitzuan aldaketarik izango.
Metroko langileek batzar batean erabaki dutenez, lanuztera deituko dute apirilaren 16, 20, 25 eta 27rako.
Bilbobuseko langileak, zortzi orduko lanuztean
Bilbobus autobus konpainiako langileek hilaren 19tik gaur arte zortzi orduko lanuzteak egiten ari dira egunero, gutxieneko zerbitzuekin.
Langileek Veolia enpresaren jarrera salatu nahi dute mobilizazioen bidez. Haien arabera, lan hitzarmena "blokeatuta dute", eta langileen baldintzak "gero eta kaskarragoak" dira.
Veoliak gaur iragarri du Bilbobus zerbitzua Alsa konpainiaren esku utziko duela, eta TCSA enpresak kudeatuko duela zerbitzua aurrerantzean.