Bilboko Metroko langile batzordeak eta zuzendaritzak datozen orduetan sinatuko dute akordiorako oinarria, arratsaldean ahozko hitzarmena egin ostean. Zuzendaritzak esan duenez, "egunean zehar esandakoa paperean islatzea falta da". Horretan dihardute.
Azkenean gerenteek trenen hartze eta uzte denborak mantentzea onartu dute; hori izan da grebak amaitzeko oztopo nagusia. Gainera, metroko plantila zabalduko litzateke, 166 gidari eta 182 ikuskatzaileraino, Basauriko geltokia dela eta. Orain, langile asanbladak akordioa berretsi beharko du.
Langileak lehenbailehen elkartzen saiatuko dira, bihar bertan akordioa bozkatu dezaten. Momentuz, adostasun honek asteazkenetik aurrerako paroak bertan behera uztea eta gatazka luze hau ixtea ahalbidetuko du.