Bilboko Uribarri auzoko Patakon auzo etxearen aldeko manifestazioa egingo dute etzi, 19:30etik aurrera auzoan bertan, eskoletatik aterata. Ertzaintza eraikinean sartu zen atzo arratsaldean eta, jendez hustu ez bazuen ere, hemeretzi lagun identifikatu zituen.
Hainbat lagunek hilaren 1ean okupatu egin zuten Patakon. Etxeak 50 urtetik gora daramatza hutsik; okupatu arte ez dute inoiz erabili.
Patakoneko asanbladako kideek gaur prentsaurrekoan esan dute auzoan babes handia jasotzen ari direla. Esaterako, azkeneko hamahiru egunetan mila sinadura pasa bildu dituzte. Haien asmoa "lanean" jarraitzea da eta Bilboko Udala zuhurtziaz jokatzera deitu dute.
Ertzaintzaren "jazarpena" salatu dute Patakoneko asanbladako kideek azken egunotan. Etxe okupatuaren inguruan ibili dira, eta uniformerik gabeko ertzainak sartzen saiatu dira, gazteen arabera. Herenegun eraikinaren kanpoko aldean zeuden sei lagun identifikatu zituztela ere jakinarazi dute.