BILBOKO POLIZIA OPERZIOA. ATXILOKETAK. Nagore Bilbao eta Ibon Perez espetxera bidali ditu Garzonek

Beste hiru gazterekin batera atzo beren kabuz Espainiako Auzitegian agertu arren, «ihes egiteko arriskua» zegoelako kartzelatu ditu

Erredakzioa
2004ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
erredakzioa - DONOSTIA@:Espainiako Auzitegi Nazionalean bere kabuz agertu ziren bost gazteetarik bi, Nagore Bilbao eta Ibon Perez, espetxeratzeko agindua eman zuen atzo Baltasar Garzon epaileak. Gainerako hirurak, Mikel Lizarribar, Janire Couceiro eta Juan Jose Merino,aske geratu dira. Lizarribarrek 9.000 euroko bermea ordaindu beharko du; Counceirok etxetik hurbilen duen auzitegira sinatzera joan beharko du astero, eta Merino kargurik gabe utzi zuen aske epaileak.

Jarraipen polizialak nabaritu zituztelako eta Guardia Zibilak Bilbon atxilotutako gazteei egindako galdeketetan euren izenak agertu zirelako aurkeztu ziren gazteak epailearen aurrean, iragan ostegunean. Garzonek, baina, ez zien egun horretan deklarazioa hartu, eta atzo deklarazioa hartzeko hitzordua jarri zien, eta aurrez ez zituztela atxilotuko agindu zien. Hala, gazteak atzo agertu ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean. ETAri laguntzea leporatzen die Garzonek Bilbaori, Perezi, Lizarribarri eta Couceirori. Gainera, Bilbao eta Perez espetxeratzeko aginduaren oinarri gisa, Garzonek dio gazte biak «Justiziari ihes egiteko arriskua dagoela». Garzonen arabera, Bibaok eta Perezek, Auzitegi Nazionalera euren kabuz joatearekin, «euren kontra agindu beharreko atxiloketa saihestea» lortu dute, baina ez espetxeratzea ekiditea.

Urriaren 25ean hasitako polizia operazioaren harira

Urriaren 25etik azaroaren 11ra bitartean Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Bilbon egin zuten operazioaren harira datoz atzoko deklarazioak. Horretan, hamabi atxilotuetatik zortzi aske geratu ziren. Nagore Etxebarria aske geratu zen epaile aurretik pasatu gabe. Garikoitz Urizar, Gorka Ribadulla, Gaizka Larrinaga, Asier Arriola eta Inmaculada Basabe bost eguneko inkomunikazioa jasan ondotik aske utzi zituzten. Oskar Perez eta Sergio Regeiro kartzelatzeko agindu zuen epaileak, baina egun gutxi pasatu ondoren aske utzi zituzten. Aitziber Sagarminaga, Iker Arzeluz, Haritz Totorika eta Amaia Urizar kartzelatzeko agindua eman zuen epaileak.

Bilboko polizia operazio horretan atxilotutako guztiek torturak eta tratu txarrak salatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.