Euskal Herria

Bilboko Portuan "delitu ekintzak" burutzea leporatuta 17 lagun atxilotu dituzte

Sintrabi Bizkaiko Garraiolarioen Sindikatuaren egoitza itxita dago. Guztira hamazazpi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak dagoeneko, guztiak Bizkaian, tartean Sintrabiko eta Itsasontzietako Kontsignatario eta Zamaketarien elkarteko kideak daude. Bilboko Portuan "delitu ekintzak" burutzea leporatzen diete guztiei. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz egin ditu atxiloketak Ertzaintzak.

2006ko irailaren 29a
17:07
Entzun
Ertzaintzak 17 pertsona atxilotu ditu dagoeneko. Gehienak beren etxeetan atxilotu dituzte eta dirudienez, etxebizitzak miatu dizkiete batzuei. Goizeko bederatzietan, Sintrabiko langileak lanera iritsi bezain laster bertan zeuden Ertzaintzako kideak bulegoa miatzeko prest. Langileak kanpoan geratu dira, urduri eta ez dute adierazpenik egin nahi izan. Hala ere, abiatu den operazioaren inguruan adierazpen bat kaleratuko dutela jakinarazi dute.

Guztiei Bilboko Portuan "delitu ekintzak" egitea leporatzen diete. Antza denez, duela urtebete abiatu zen Espainiako Auzitegi Nazionalak koordinatu duen operazioa. Ertzaintzak jakinarazi duenez, duela urtebete jakin zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Bilboko Portuan garraioarekin lotutako ez ohiko jarduerak burutzen ari zirela.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, Sintrabiko lehendakaria eta idazkaria atxilotuen artean daude. Baita Itsasontzietako Kontsignatario eta Zamaketarien elkarteko presidentea eta presidenteordea ere.

Sintrabi Bizkaiko Garraiolari Autonomoen Sindikatuak Bilboko Portuan lan egiteko lizentziak ematen dizkie 1994.urtetik garraiolari autonomoei. Baimen horrekin, Itsasontzietako Kontsignatario eta Zamaketarien elkartearekin lanean has zitezkeen lizentzia erosten zuten garraiolari autonomoak. Eusko Jaurlaritzak konpetentzia librearen aurka aritzea egotzi dio Sintrabiri behin baino gehiagotan

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, sareak adarrak ditu Bizkain, Araban eta Gipuzkoan eta hauetatik kanpo. Sumarioa, oraingoz, sekretupean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.