Garraiolarien greba

Bilboko Portuan geratuta dago kamioi bidezko garraioa

Halaber, garraiolarien grebak auto ilarak eragin ditu Biriatun. Sintrabik, Guitransek, Tradisnak, Arabako Garraiolarien Elkarteak eta Egasek bat egin dute erregaien garestitzeak eragindako lanuztearekin. Hiruk ez du greba egingo, baina kamioiak eraman ditu Jaurlaritzaren atarira "faktura propioa" eskatzeko. Espainiako Gobernuak eta garraiolarien elkarteek ez dute akordiorik lortu gaurko bileran.

2008ko ekainaren 9a
14:46
Entzun
Garraiolarien grebaren ondorioak hasi dira nabaritzen: lanuztearekin bat egin duten kamioilari askok A-8 errepidean utzi dituzte beren ibilgailuak, Biriatuko (Lapurdi) mugako kontrol postuen inguruan, eta pasabidea trabatu dute. Ondorioz, 7 kilometroko ilarak sortu dira Baiona aldera eta 3 kilometrokoak Donostia aldera.

Bilboko Portuan, berriz, kamioien trafikoa geldirik dago. Ia ez da kamioirik sartu eta ateratzen portura. Zamatze lanak normal ari dira egiten, baina lanuzteak aurrera jarraitzen badu, aste amaierarako biltegiak beteta egongo direla eta arazoak sortuko direla ohartarazi dute.

Merkabilbaon (Santurtzin) ere kamioien joan-etorria normalean baino dezente txikiagoa da.

Espainiako garraiolari elkarteek egindako deialdiarekin bat eginez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat garraiolarik hasi dute lanuztea. Zehazki, Bizkaiko Sintrabi sindikatuak, Gipuzkoako Guitransek, Nafarroako Tradisnak, Arabako Garraiolarien Elkarteak eta Hego Euskal Herriko osoko kideak dituen Egasek egin dute bat lanuztearekin. Erregaien prezioen igoera dela-eta ari dira protestan garraiolariak. Garestitzeari aurre egiteko laguntzak eskatzen diete agintariei.

Madrilen garraiolari elkarteek eta Espainiako Gobernuak bilera egin dute gaur goizean, baina ez dute akordiorik lortu. Elkarteen beraien aurrean desadostasunak sortu dira tarifa minimoaren bermeaz -Fenadismer elkarteak berme hori nahi du-. Gobernuak hamabost neurri txiki proposatu dizkie: 55 urtetik gorako langileei beharra uzteko erraztasunak, egoera zailetako laguntzak...

Kamioiak Lakuan

Hiru Euskal Herriko Garraiolarien Elkarteak, berriz, ez du grebarik egingo baina mobilizazioak antolatu ditu. Besteak beste, kamioien elkarretaratzea egin dute, Gasteizen, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Bozina joz eta trafikoa oztopatuz paratu dituzte ibilgailuak, goizeko hamaikak inguruan. "Faktura propioa" eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren aurrean Euskal Herriko garraiolarien interesak babes ditzala eskatu dute. "Faktura propio" hori hiru hilabetean behin berrikusiko litzateke, eta erregaiaren araberako prezioak jartzeko aukera izango lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.