Goizeko 9:00etan hasi da gaur Bilboko Udala zein taldek osatuko duten erabakitzeko osoko bilkura. Goizeko 8:30etarako, Bilboko Herria Aurrera plataformako kideak udaletxearen atarian bildu dira, osoko bilkuran parte hartzeko asmoa zutelako, baina herritarrei ez diete plenoan parte hartzen utzi. Sozialista Abertzaleak taldeko zinegotzi ohiak, ordea, sartu dira, eta ikusleen eserlekuetatik jarraitu dute plenoa.
Osoko bilkura hasita zegoela, Arantza Urkaregi zinegotzi ohiak hitza hartu du, eta 11.000 bilbotarren hitza ez dela errespetatzen ari adierazi du. "Arantza Zuluetak gaur hemen behar zuen, Herria Aurrera taldeari dagokion zinegotzi bakarraren kargua hartzeko", azpimarratu du. Egoera ikusita, Iñaki Azkuna alkateak hitza kendu dio, eta une horretan bertan "Herriaren hitza errespetatu" zioten kartelak erakutsi dituzte eta "Lapurrak" eta "lotsagabeak" oihukatzen hasi dira. Udaltzaingoek aretotik atera dituzte hautetsi ohiak, eta oihuka jarraitzen zutenez, udaletxetik kanporatu dituzte.
Udaletxearen kanpoko aldean adierazpenak egin ditu Arantza Urkaregik. "EAJ Batasunaren ilegalizazioaren aurka agertzen da, baina gero ez da 11.000 bilbotarren nahia errespetatzeko gai", nabarmendu du. Hautetsi ohiek lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, nahiz eta udaletxean lan egiteko aukerarik ez izan. "Pasa den ostiralean gure bulegoa uzteko eskatu ziguten, baina gaur ezin izan dugu sartu, sarraila aldatuta zegoelako", salatu dute.
Batasunaren ilegalizazioa
Bilboko SAko zinegotzi ohiak osoko bilkuratik kaleratu dituzte
Bilboko udaletxean Sozialista Abertzaleak taldeko zinegotzi izan diren lau zinegotzitatik hiru –Lander Etxebarria preso dago– gaur goizean egin den osoko bilkuratik kaleratu egin dituzte, Iñaki Azkuna alkateak hala aginduta. Hiru zinegotzi ohiak Herria Aurrera plataforma abertzaleari zegokion eserleku bakarra aldarrikatzera joango dira, maiatzaren 25eko hauteskundeetan eskuratutako 11.000 botoen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu