Bilboko sarekada «ezaugarri fisikoei jarraituz» egin zela dio SOS Arrazakeriak

Hogei lagunetik gora atzeman zituzten herenegun Bilboko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaiko SOS Arrazakeriak, Harresiak Apurtuz etorkinen aldeko GKEen koordinakundeak eta Mbolo Moy Doole eta Berriotxoak plataformek salatu egin dute iragan asteartean Bilboko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak eginiko sarekada. Bilboko Garcia Salazar kalea itxi egin zuten ordu eta erdiz, eta hogei pertsonatik gora atxilotu zituzten. Hamabost pertsona atxilotuta daude oraindik, eta atzo arratsaldean ziren abokatuaren bisita jasotzekoak. Atxiloketak egiteko orduan, udaltzainek eta poliziek«ezaugarri fisikoen arabera» egin zituztela baieztatu dute, adibideak jarriz: bikote batek salaketa jarri du Arartekoaren aurrean, beltza identifikatu eta zuria -atzerritarra bera- aurrera egitera behartu zutelako.

Horrelakoak sarritan salatu dituzte giza eskubideen aldeko erakunde ugarik. Gainera, Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak 2009ko abuztuaren 17an Espainiazigortu zuen, antzeko auzi bat zela eta.

Bilbo Zaharrean dago Garcia Salazar kalea, eta «auzoaren eta auzokide atzerritarren kriminalizazioa» eteteko eskatu du SOS Arrazakeriak. Atxiloketetan «arbitrariotasuna» egon zela azaldu du, eta atxilotuak «eguneroko jardueretan» ari zirela azpimarratu du. Orain, pertsona horiek estraditatuak izan daitezkeela ohartarazi du erakundeak.

Beste behin, Bilboko Udala «herritartasun barneratzaileaz»ahazten dela uste du SOS Arrazakeriak, udalak errepresio politikan «pauso bat gehiago» eman duela salatuz. Argi dute atxiloketek kohesio sozialari kalte egiten diotela, eta uste dute kontuan izatekoa dela sarekada noiz egin zen: etorkin askorentzat egun handia den Arkumearen Jaian, alegia. Hori dela eta, saltokiak jendez gainezka zeudenatxiloketak izan ziren unean.

Bilboko Udaltzaingoaren eta Espainiako Poliziaren ekintzari nola erantzun ari dira pentsatzen GKEak. Elkarretaratzera deitu dute gaurko, sarekada gaitzetsi eta «mugarik gabeko hiriak» eskatzeko. Ez dituzte akzio penalak baztertzen, legezko egoeran dauden pertsonak atxikitzeagatik. Izan ere, ez da lehenengo aldia horrelako jarduerez ohartarazi dela: giza eskubideen aldeko 140 erakundek jarduera hau salatuzuten. Manifestu baten bitartez, Espainiako Atzerritartasun eta Mugen Komisaria Orokorraren 1/2010 agiriaren «legezkotasun eza» ezagutarazi zuten, eta polizien sindikatuek ere zirkularra aintzat ez hartzeko eskatu zieten euren kideei, legez kanpoko atxiloketa edo bahiketagatik salatuak izateko aukera zutelako.

Kanporatuak izateko arriskua

Oro har, zigor prozedura irekitzen da atxilotuen aurka, eta aske uzten dituzte. Zigor prozedura horren ohiko amaiera estradizioa izaten da, baina, SOS Arrazakeriaren arabera, etorkin gehienek ez dakite kanporatze erabakiaren aurkako errekurtsoa jartzeko aukera dutela.

«Atxilotuak daudenean izaten dute arazo gehien, komisariatik oso zaila izaten baitute lanpostua badutela edo beste edonolako errotze bat badutela frogatzea». Beraz, nahiz eta zigor prozedura hasi, garrantzitsua deritzote SOS Arrazakerian errekutsoa jartzea, «ondoren froga dezaketelako badutela nolabaiteko sustraitzea». Bigarren aukera bat ere badago: kanporatzeko prozedura azkarra tramitatzea. Hori gertatzen bada, egun gutxian kanporatuak izan daitezke, jaioterrira eramango dituen hegaldian.

Sarekadak noizbehinka izaten dira, eta errealitate hori etorkinek «amorruz» bizi dutela dio SOS Arrazakeriak: «Badakite edonoiz gerta daitekeela berriz».

Xenofobiaren pizgarri

Alternatibak Bilboko Udala kritikatu du, sarekadaren aurrean jarrera «kolaborazionista» duela eta. Carmen Garcia Alternatibako ordezkariaren arabera, EAJk eta EBk osatutako udal gobernuak «atzerritarrak zigortu» nahi ditu «atzerritar izateagatik».Horrelako ekintzek «gizarteko diskurtsorik xenofoboenak» pizten dituztela salatu du.

Garciak tamalgarritzat jo du EAJk eta EBk «aho txikiarekin» Atzerritarren Legearen aurka egitea, «ondoren Bilboko Udaltzaingoa sarekada hauen zerbitzura jartzen dutelako». Orain «ulergarriagoa» da, Garciaren ustez, 2005. urteaz geroztik aurrekontuan segurtasun gastuak izandako gorakada: «Sei urtean, 45 milioi eurotik 70era igo dute segurtasunaren aurrekontua, eta beste hainbat arlotan jaitsi egin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.