Pertsona batek 65 urteko gizonezko bat hil du gaur goizean labankadaz Bilbon, Santutxu auzoko taberna batean. Ondoren hango metro geltoki parean sei lagun zauritu ditu. Erasoa 09:45ean izan da, eta erasotzaileak, oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik, Kepa Mallea Karmelo ikastolako irakasle ohia hil du erasoan. Zamakola ikastetxeko irakasle ere izan zen Mallea. Gosaltzen ari zela jaso du erasotzailearen labankada, bularraldean.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak azaldu du erasoa atxilotuak bikote batekin izan duen istiluarekin hasi dela. Agidanez, bikote horren aurka ekin dion aurrena, eta, ondoren, taberna batera sartu eta han zeudenen kontra hasi da. Mallea gosaltzen zegoen taberna horretan, eta bete-betean harrapatu du erasotzaileak.
Mallea ezagutzen zutenek oso euskaltzalea zela adierazi diote BERRIA.INFOri. Erretiroa hartuta zegoen, eta auzoan oso pertsona ezaguna zen. Bilboko Konpartsekin harreman estua zuen, batik bat Hor Dago Abante-rekin, eta euskararen alde aritzen direnen topagune Kulturguneko kide zen.
Herritar talde batek atxiki du ustezko erasotzailea
Udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu egin dute —31 urteko gizonezko bat—. "Nire familia hil dute, eta orain nik guztiok hilko zaituztet", esan du hark erasoaren unean, lekuko batzuek diotenez. Ertzaintzak esan du jatorriz iraniarra dela atxilotua.
Mallea hiltzeaz gain, beste sei lagun zauritu ditu. Haietako bi —30 eta 47 urteko emakumezkoak— Barakaldoko Gurutzetako erietxera ematen dituzte, beste bi —28 eta 42 urteko gizonezkoak— Galdakaokora, eta beste biak —21 eta 24 urteko emakumezkoak— Bilboko Basurtukora. Sei horietatik hiru larri daude, eta biri senda-agiria eman diete arratsaldean.
Herritar talde batek erasotzailea atxiki duenean amaitu da erasoa. Bilboko Udalak erasotzailea harrapatu duten herritarren jokabidea goraipatu du, eta Mallearen sendiari eta erasoaren beste biktimei babesa eta elkartasuna agertu die.
Udalaren ezohiko bilera
Udalak aho batez gaitzetsi du gaur ezohiko bileran gaur goizean Santutxu auzoan izan den erasoa. Bilboko Udalak 13:00etatik aurrera Bozeramaileen Batzordearen ezohiko bilera egin du, eta gertaera salatu du. Gainera, Udalaren bandera hiru egunez masta erdian jartzea erabaki dute, dolua agertzeko.
Bihar 12:00etan bost minutuko elkarretaratzea egingo dute, udaletxe aurrean. Gertaerak argitzeko epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko dela iragarri du Udalak.