Indarkeria matxista

Bilboko talde bortxaketaren harira, "irtenbideak" eskatu dituzte auzoek

Sei gizon atxilotu dituzte andre baten aurkako sexu erasoa egotzita. 18 urteko andrazko bat bortxatu dute, Etxeberria parkean. Gaitzespen mezu asko eragin ditu erasoak, eta kalean, protesta jendetsua.

Bilboko talde bortxaketaren kontrako elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga plazan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 2a
09:50
Entzun

Andrazko bat, gizonek inguratua, sexu harremanak izatera derrigortua. Taldeko bortxaketek sortzen duten irudi artegagarria berritu da gaur Bilbon: izan ere, asteazken gauean emakume gazte bat bortxatu zutela jakin da gaur goizean, eta sei gizonezko atxilotuta daudela erasoaren harira. Egun osoan ugariak izan dira gaitzespena eta arrangura erakusteko mezuak. Bilboko Udalak, esaterako, adierazpen bat plazaratu du: halako erasoak "eramangaitzak" direla esan du, eta jarrera "aktiboa" izan behar dela horien kontra. Bilboko auzo elkarteen federazioak ere berehala plazaratu du gaitzespen mezua, eta neurriak ere eskatu dituzte halako erasoak eragozteko. "Epaiek ez dute benetako aldaketarik ekarri gizonen kontzientzian", ohartarazi dute: "Irtenbidea eman behar zaio emakumeen aurkako indarkeriari". Gaur gogora ekarri dute, era berean, Etxebarria parkea Bilbon identifikatuta dauden leku arriskutsuetako bat dela gaur egun. Ilunabarrean, mugimendu feministak deituta, elkarretaratze jendetsu bat egin da Arriagan. Bilbo Feminista Saretzen taldeak antolatu du. "Hiria gurea ere bada!", gogorarazi dute: "Kaleak gureak ere badira, eta ez gaituzue isilaraziko". Instituzioei ere mintzatu zaizkie: "erantzukizun kolektibo zein indibiduala" eskatu diete. Eta gizonezkoei: jarrera "misoginoen" aurrean beste aldera ez begiratzeko eskea egin diete.

Erasoa leporatuta atxilotuta dauden sei gizonak adin nagusikoak dira: 18 eta 36 urte artean dituzte. Biktimak, 18. Atzo gauerdian Basurtuko erietxera joan zen, eta hainbat gizonen artean bortxatu zutela azaldu zuen. Ospitaleko arduradunek eman zuten gertatukoaren berri, epaitegira deituta, eta aurki jarri zuten martxan ikerketa bat. Andrazkoak erasotzaileen itxurari buruzko hainbat datu eman zituela zabaldu dute hainbat hedabidek, eta horiek kontuan hartuta berehala atxilotu zituztela ertzainek sei gizonezkoak. Komisaria batean eman dute gaur eguna.

Gaur inork ez du geratu nahi izan arbuio mezurik erakutsi gabe. Bilboko Udalak plazaratu duen mezuaz harago, sare sozialen bidez zabaldutako mezu baten bidez ere adierazi nahi izan du Juan Mari Aburto alkateak ezinegona. "Amorrua sentitzen dut, ezintasuna. Arbuiagarria da, jasanezina, onartezina. Legearen eta justiziaren pisu guztia eror bedi gaizkile horien gainean, ez dezaten gehiago horrela jarduteko erarik izan", adierazi du. Berdintasun diputatu Teresa Laespada ere, antzera: "Andreok libre gara nahi dugun toki guztietara joateko, nahi dugun eran. Nire maitasun erabatekoa biktimarentzat, eta biolentzia matxistaren biktimak artatzeko zerbitzu guztientzat". Talde politiko guztiek zabaldu dituzte mezuak erasoaren arbuiatzeko. Bilboko Konpartsek, berriz, Aste Nagusia hurbil dela gogoraraziz, jai "feministen" alde egin dute: "Ez da lekurik erasotzaileentzat".

Emakundek gogora ekarri nahi izan du zer dagoen gizonen portaera bortxazko horien atzean. "Gizartean andre eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena dira", adierazi du erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. Nabarmendu du andreen kontrako bortxarik gabeko gizarte bat "eraikitzea" ezinezkoa izango dela zuztar horiek irauli ezean. Ulertzekoa da erasoon aurreko ezinegona. 2016an Iruñeko sanfermin jaietan bost gizonek andre bat bortxatu zuten, eta aparteko oihartzuna izan zuen eraso hark: ordutik, handitu egin da eraso klase horien gaineko kontzientzia. Albiste dira, gainera: oso maiz. Feminicidio.net deituriko Espainiako proiektuak lehengo hilaren amaiera bitartean bildutako datuen arabera, 2016tik tankera horretako 124 eraso pairatu dituzte andreek; hamasei eraso Hego Euskal Herrian gertatu dira.

Salaketak Malerrekan eta Bertizaranan ere

Malerrekan eta Bertizaranan ere erasoak izan dira. Nafarroako Malerreka eta Bertizarana eskualdeetako Emura talde feministak ohar bat plazaratu du jakinarazteko "eraso sexista larri bat baino gehiago" gertatu direla azkenaldian inguru horietan. Erasoen artean adingabe baten bortxaketa dagoela esan dute. Oroitarazi dute udako bestetan ugaritu egiten direla emakumezkoen aurkako erasoak, "parrandaren aitzakiaren pean", eta argiro egin behar dela halakoen kontra. "Normaltasunaren izenean, marra gorria behin baino gehiagotan zeharkatu dute gure eskualdean, eta, erasotzaileez gain, konplizeen rola ere azpimarratu nahiko genuke", gogora ekarri dute. "Horrelako ekintzek ez dute lekurik gure kale eta tabernetan!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.