Bilboko Konpartsak, Udalak eta 900 merkatarik eraso sexisten aurka osatutako protokoloa aurkeztu dute aste honetan, eta, gaur, Bilboko mugimendu feministak berearen berri eman du. “Jazarpenari aurre egin behar diogu, nazkatuta gaudelako begirada lizunak jasotzeaz, edo eskatu ez ditugun iritziak entzuteaz”.
Biktima izan eta beldurra izateari uko egingo diotela azaldu dute gaur goizean egindako agerraldian, eta horretarako zein neurri hartuko dituzte zehaztu: emakume talde baten presentzia egongo da Bilboko jaigunean.
Bi helbururekin ibiliko da kuadrilla hori: “Egon litezkeen erasoak salatzea eta ikusaraztea”. Zaintza lanak egingo dituzte, beraz, “festa giroaz denek berdin goza dezaten”. Baina herritarrei dei egin die adi egotera eta antola litezkeen mobilizazioetan parte hartzera, festaz aparteko erasoren bat egongo balitz.