Indarkeria matxista

Bilboko Udalak bertan behera utzi du C. Tanganaren kontzertua

Rap kantariaren kontzertuak eztabaida sutsua piztu du sare sozialetan. C. Tanganak Bilboko Aste Nagusian jotzearen aurkako sinadura bilketa bat hasi zuten atzo.

C. Tangana rap kantaria. WIKIPEDIA
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 9a
14:25
Entzun

Hilaren 24an igo behar zuen Bilboko Europa Parkeko oholtzara, baina C. Tangana ez da agertokira igoko. Rap kantaria jaien egitarautik kentzeko sinadura bilketa hasi eta biharamunean hartu du neurria Bilboko Udalak: bertan behera utzi du C. Tanganaren kontzertua, haren kantuek matxismoa sustatzen dutela iritzita. Hamar mila izenpe baino gehiago bildu ditu haren kontzertua bertan behera uzteko herri eskariak, bilketa hasi eta 24 orduren ostean. C. Tanganaren ordez, Pedro Capo abeslariak emango du kontzertua.

Rap kantariaren kantuak "matxistak, patriarkalak eta emakumeekiko mespretxuzkoak" direla argudiatuta ekin zioten sinadura bilketari, eta, ekinaldia ezaguna egin ahala, eztabaida piztu zen sare sozialetan. C. Tangana abeslariak jaietan jo beharko lukeen edo ez, eta adierazpen askatasunaren mugak non dauden, horixe izan zuten hizpide erabiltzaile ugarik. Abestien kontra egitearen baina ez debekatzearen aldeko jarrera hartu zuten zenbaitek; adierazpen askatasunaren izenean zenbait gauza egitearen zilegitasuna zalantzan jarri zuten beste batzuek.

C. Tanganaren jarduna ez debekatzearen aldeko iritzia azaleratu zuten, esaterako, Fermin Muguruza musikariak eta Igor Elortza bertsolariak.

Aurkako jarrera azaleratu zuten Kattalin Miner eta Jule Goikoetxea ekintzaile feministek.

Itziar Urtasun Bilboko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak adierazpen batzuk egin zituen atzo, sinadura bilketaren harira, eta aurreratu zuen rap kantariak egin beharreko jarduna bertan behera geldi zitekeela. Bilboko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos indarrek ere gaitzetsi egin zuten C. Tangana hilaren 24an oholtzara igotzea. Xabier Jimenez Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, esaterako, honako hau adierazi zuen: "Adierazpen askatasuna defendatzen dugun arren, irmoki gaitzesten ditugu lotsagabeki matxistak, sexistak, homofoboak eta arrazistak diren kantuak". EH Bilduk ere bat egin zuen mugimendu feministak eginiko adierazpenekin.

"Zure puta betetzen dut goraino, isilik edukitzen dut eta makurtuta", "aintza horrela hezi zintuen putari", edo "nik zuri min egin, eta zuk orduan ni maitatu"; horiek dira rap kantariaren kantuetan aurki daitezkeen esaldietako batzuk. Horiek matxismoa sustatzen dutela iritzita galdegin zuten askok kontzertua bertan behera uztea. Orain, Bilboko Udalak bertan behera utzi du C. Tanganak hilaren 24an Aste Nagusian egin behar zuen jarduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.