Iñigo Cabacas

Bilboko Udalak Iñigo Cabacas omendu du, hil eta ia hiru urtera

Talde guztietako zinegotziak egon dira ekitaldian, EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua eta Athleticekoak, besteak beste. Gurasoek eta lagunek justizia eskatu dute, eta Areso alkateak bat egin du eskaerarekin. Bideoa: Cabacas zenari buruzko dokumental baten trailerra sareratu dute. [Youtube]https://youtu.be/yuc0F1NSThI[/Youtube]

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 27a
11:48
Entzun

Bilboko Udalak lehen aldiz omendu du Iñigo Cabacas Athleticen zalea, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuenetik ia hiru urte igaro direnean.

Xumea baina solemnea izan da udaletxeko Arabiar aretoan egindako ekitaldia. Ibon Areso alkateak babesa agertu die alboan izan dituen Cabacasen gurasoei, eta auzia lehenbailehen argitu dadila eskatu du. Manuel Cabacasek, omenduaren aitak, zinez eskertu du aitortza. "Faltan sumatzen genuen, eta gaur oso pozik gaude".

Dantzariek aurreskua eskaini die gurasoei, eta udalak oroigarri plaka eman die.

Ekitaldian izan dira, udaleko alderdi guztietako ordezkariez gain, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkidea, Tasio Erkizia eta Karmelo Landa ezker abertzaleko kideak, Rafa Sainz de Rozas arartekoaren laguntzailea, Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua eta Jone Goirizelaia abokatua. Athleticeko presidente Josu Urrutia eta Jose Angel Iribar atezain ohia ere izan dira omenaldian.

Cabacasen gurasoak hura oroitzen duten eta justizia eskatzen duten elastikoekin egon dira, eta EH Bilduko zinegotziak ere bai. Futbolzalearen lagunek, berriz, justizia eskatzen duten itsasgarriak erakutsi dituzte paparrean.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.