Euskal herria

Bilboko Udalak laguntza eskaini dio Mundubat GKEari Enric Gonyalons askatzeko

Bilbon bizi den kataluniarra larunbat gauean bahitu zuten Tindufeko kanpalekuetan espainiar batekin eta italiar batekin batera.

2011ko urriaren 24a
12:33
Entzun

Bilboko Udalak hainbat baliabide tekniko eskaini dizkio Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari Enric Gonyalons Bilbon bizi den kataluniarra askatzen laguntzeko. Gonyalons Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kidea da, eta larunbat gauean Fronte Polisarioaren Tindufeko kanpalekuetan bahitu zuten espainar batekin eta italiar batekin batera.

Bilboko Udalak bahiketak errefusatu ditu eta elkartasuna adierazi dio Mundubati. GKE horrek Bilbon du egoitza. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak atzo bahituak berehala eta baldintzarik gabe eskatu zuen, eta bahituen senideei babesa agertu nahi izan zien.

Malira eraman dituzte

Fronte Polisarioko Atzerri ministro Mohamed Salek Uld Salek-ek adierazi duenez, bahitzaileak atzo Mauritaniarantz joan ziren eta Maliko muga zeharkatu zuten. Hasiera batean, Magrebeko Islamiarreko Al Kaedak bahitu dituela uste da, baina Espainiako Gobernuak horiek espekulazioak direla esan du.

Fronte Polisarioa bahitzaileen bila ari da, eta berrien zain daudela esan du Uld Salekek. Bahiketaren helburua bikoitza dela gaineratu du: dirua eskatzea eta Tindufeko kanpalekuak seguruak ez direla erakutsi nahi izatea, "beldurra zabaldu dadin".

Mohamed Abdelaziz Saharako presidenteak nazioartearen gaitzespena eskatu dio Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari. Bahitutakoak herri sahararraren lagunak direla esan du. Fronte Polisarioa inguruko herrialdeetako agintariekin ari da elkarrizketan bahitzaileak harrapatu eta bahituak askatzen lagundu diezaieten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.