Bilboko Udalak pertsona bat etxegabetu du

Txurdinagan, egoera zaurgarrian dagoen bizilagun bat etxegabetu du Ertzaintzak, Bilboko Udalak aginduta. Hontza gaueko harrera zentroan geratzea eskaini diote, alternatiba gisa.

etxegabetzea txurdinagan
Manifestariak eta ertzainak, aurrez aurre, gaur, Txurdinagako etxegabetzean. MARKOS TEDIN
marcos tedin
Bilbo
2024ko urtarrilaren 26a
16:00
Entzun

Txurdinagako bizilagunak goizean goizetik konturatu dira zerbait gertatzen ari zela. Ertzainak eta udaltzainak nonahi. Herritarrek jakinguraz begiratu diete Julian Gaiarre etorbidean bildutako ertzainei eta udaltzainei. Hogei bat guztira, zortzi autotan iritsita.

Haur parkea hesitu dute poliziek, eta han itxaron dute 9:00ak jo arte, isil-isilik. Bizilagunak etxeetako leihoetan edo gortinen atzean, egoerari so, adi-adi. Gertatzen ari dena ikustera joan den andrazko batek poliziei galdetu die ea zergatik itxi duten parkea. Udaltzain batek erantzun dio, galdetutakoa erantzun gabe, «kontu batengatik» jarri dutela hesia. Andrazkoak berehala ulertu du: «Ados; etxegabetze bat».

Bilboko Etxebizitza Sindikatuak aldez aurretik ohartarazia zuen zer gertatuko zen: poliziek pertsona bat etxegabetuko zuten 09:00etan. Ordu horretan heldu dira sindikatuko hogei kide inguru parkera, «etxegabetzeak gelditu» oihukatuz. Etxegabetzea geldiarazteko asmoz joan dira, baina alferrik.

Xabier Aranburu sindikatuko kideak azaldu duenez, Bilboko Udalak egoera zaurgarrian dagoen heldu bat etxegabetzeko agindu du, eta ez dio alternatiba duinik eskaini. Haren hitzetan, Hontza gaueko harrera zentroan geratzea proposatu diote. Etxegabetua gurasoekin bizi zen Bilboko etxebizitza zerbitzuko etxe horretan, baina, orain dela gutxi, gurasoak hil egin dira, eta zorra egin du. Hori dela eta, ezin izan du alokairua ordaindu. Sindikatuko kideak argi utzi du zer eskatzen duten: «Etxegabetzea berehala eta baldintzarik gabe etetea exijitzen dugu».

Bilboko Udalak pertsonak etxegabetzen dituela salatu dute sindikatuko kideek. Heldu eta pare bat minutura, aurrez aurre jarri zaizkie segurtasun indarrak. Tentsioa areagotu egin da, eta, hogei minutuz kaleratzea gelditzeko oihukatzen aritu eta gero, manifestariei oldartu zaizkie ertzainak, borrekin joz. Gazte bat urrundu eta atxilo hartu dute lau poliziaren artean.   

Laster azaldu dira errefortzuak. Bi furgonetatan, istiluen aurkako hamar bat ertzain ailegatu dira. Bata bestearen ondoan kokatu dira, giza hesi bat osatuz. Ezkutuez eta armez hornituta, pankartak zituzten manifestarien aurrean jarri dira, eta berriro oldartu zaizkie. Atzerarazi egin dituzte. Bitartean, eraikinaren barruan, beste polizia batzuek bizilaguna etxegabetu dute.

Udalak agindutakoa bete dutenean, lasaitu egin dira ertzainak eta udaltzainak. Etxegabetua eraikinaren atzetik eraman dute, inork ikusi ez zezan. Atxilotua, ostera, polizia etxera eraman dute. Agian epaitu egingo dutela pentsatuta, atxilotuaren kideak argazkiak eta bideoak biltzen hasi dira, epaiketan lagungarri izango zaizkiolakoan.

Liskarrak amaitu dira, eta auzoa isildu egin da. Azkenean, beste etxegabetze bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.