SANTI BROUARDEN HILKETAREN URTEURRENA

Bilboko Udalak Santi Brouard omendu du lehen aldiz

Iragan ostegunean bete ziren 30 urte GALek Herri Batasuneko buruzagia zena hil zuela. [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2242/[/berriatb]

2014ko azaroaren 26a
07:31
Entzun

Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako —EAJ, EH Bildu, PP eta PSE-EE— kideak izan dira udalak Santi Brouard HBko buruzagi eta Bilboko zinegotzi izandakoari egindako omenaldian. Ibon Areso alkateak "adiskidetzea" eta horren garrantzia nabarmendu du, eta esan du "gizarteak horixe eskatzen" duela. Hala, Edurne Brouard omenduaren alabari mintzatu zaio, adiskidetzeari buruzko dokumental batean ikusi zuela esateko, eta nabarmendu du horixe dela "jarraitu beharreko bidea".

Aresoren eskutik, Bilboko domina jaso du Brouardek; bi anai-arrebak ere izan dira bertan. Brouardek esan du biktimen aitorpena "mugarria" dela "egia eta horren ondoriozko erreparazioa eta justizia" gauzatu ahal izateko. Bide hori, ordea, ez da erraza izango, Euskal Herrian izan diren "indarkeria gehiegizko horien gaineko egia gehiegi daudelako". Brouarden hitzetan, gaurkoaren gisako omenaldiek "gatazka honetan bizitza galdu duten pertsona guztien aitorpenerako hasiera" izan beharko lukete.

1984ko azaroaren 20an hil zuen GALek Brouard, Bilboko bere mediku kontsultan. Bi mertzenariok, kontsultan sartu, eta tiroz hil zuten HBko kidea. Eusko Legebiltzarrerako hautatu berria zen Brouard, baina ezin izan zion karguari hasiera eman. 11:00etan egingo diote omenaldia, Bilboko Udalean.

Iragan astean, Eusko Legebiltzarrean egin zioten omenaldia lehen aldiz. Hil zutenean, legebiltzarkide hautatu berri zuten Brouard; kargua hartu aurretik hil zuten. Bost minutuko isilunea egin dute Eusko Legebiltzarreko talde guztiek. Brouarden irudi baten eta suontzi baten inguruan bildu ziren parlamentariak, Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren aurrean. Bihar, bestalde, Brouarden omenezko plaka jarriko dute Eusko Legebiltzarrean bertan, hildako beste hiru legebiltzarkideekin batera.

Hilketaren urteurrenean, Bilbon ere omendu zuten. Haren eta Josu Muguruza zenaren aldeko lore eskaintzan EH Bildu, EAJ eta PSE-EEko ordezkariek parte hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.