Bilboko Udalaren areto batek Voxi buruzko ekitaldi bati betoa jarri diola salatu dute

Miguel Urban UPekoak alderdi ultraz osatutako liburua aurkezteari ateak itxi dizkio La Bolsak, argudiatuz ez dela «gai politikoetarako» lekua

Miguel Urban La Bolsan, joan den urtarrilean. BERRIA
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 7a
18:40
Entzun

La Bolsa Bilboko Udalaren aretoak ateak itxi dizkio Miguel Urban Unidas Podemoseko eurodiputatuaren La emergencia de Vox. Apuntes para combatir a la extrema derecha española (Voxen larrialdia. Eskuin mutur espainiarrari aurre egiteko oharrak) liburuari. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Hitz & Hitz Fundazioak antolatu dute liburua aurkezteko ekitaldia, eta La Bolsan egin nahi zuten. Baina zentroak ez die baimenik eman. Plataformak eta fundazioak gertatutakoa salatzeko plazaratutako oharraren arabera, La Bolsak argudiatu du «udal zentroak» ez direla «gai hertsiki politikoez, erlijiosoez eta sindikalez» aritzeko tokiak.

Udalaren instituzio batek aurrera eramandako «zentsura» kasu bat dela salatu dute ekitaldiaren bultzatzaileek. Nabarmendu dute La Bolsan «modu jarraituan eta sistematikoki» antolatzen dituztela «izaera ezberdina duten elkarte sozialen» mahai inguruak eta hitzaldiak, eta ekitaldi horiek «molde politikoa, sindikala edo erlijiosoa» eduki izan dutela. Oroitarazi nahi izan dute, gainera, Europan eskuin muturrak eduki duen gorakadari buruzko hitzaldi bat eman zuela Urbanek berak La Bolsan, joan den urtarrilean. Liburu aurkezpenaren sustatzaileen ustez, bi ekitaldien artean dagoen «aldea» da bietako batean alderdi baten izena aipatzen dela.

EAJk agintzen du Bilboko Udalean. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak proposatu izan du Vox «ekuazio politikorik ateratzea». Planteamendu horri helduz, antolatzaileek galdera bat egin diote udalari: «Nola aterako ditugu, elkarte sozialook izendatu ere ezin baldin baditugu egin?».

Urbanek Hika Ateneoan aurkeztuko du liburua, bihar (19:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.