gizartea

Bilboko Udalaren jarrera salatu du Arartekoak, Basurtuko eraikin batetik immigranteak botatzeagatik

Ertzainek eta Bilboko udaltzainek 36 pertsona atera zituzten iaz Basurtuko beilate abandonatutik. Horietako 21 Polizia Nazionalaren komisariara eraman zituzten, egoitza baimenik ez zutelako. Iñigo Lamarcak epaileen baimenik gabe egin zutela kritikatu du, eta arrazoi objektiborik ez dagoela handik botatzeko.

2013ko maiatzaren 16a
18:30
Entzun

Iñigo Lamarca arartekoak Bilboko Udalaren jarrera salatu du Basurtuko beilate abandonatutik iazko uztailaren 6an 36 immigrante aterarazteko erabili zuen moduarengatik. Hasteko, ertzainek eta udaltzailek ez zuten baimen judizialik hori egiteko, eta, bestetik, txostenean esaten duenez, ez dute erakusterik izan legeak barneratzen dituen delituren bat egin zutela. Honela dio: "Bilboko Udalak ez zuen erakutsi kanporatu zituzten pertsonak mehatxua zirela auzokoentzat, edo osasun eta segurtasun publikoarentzat, edota jokabide zigorgarria zutela, edo ondokoen eskubideak urratzen zituztela".

Pertsonak soilik kanpotarrak direnean ere kaleratzeak ez duela arrazoi objektiborik jakinarazi du arartekoak. Ez dator bat immigrazioen politikekin, eta euskal instituzioek diskriminazioaren kontra egiten duten lanaren kontra doa.

Arartekoak azaldu du erdi egina dagoen eraikin hori Bilbo inguruan dabilen etxerik gabeko askorentzat etxebizitza bilakatu dela, eta, beraz, beste edozein eraikinetik botatzeko baimena behar den bezalaxe, horretarako ere behar dela.

S.O.S Arrazakeriak egin zuen kexa Arartekoan, eta, aztertu ondoren, ondorioak Bilboko Udalari bidali dizkio Lamarcak.

Era berean, gogoratu du beste kexa bat zabalik duela Zorrotzaurreko pabiloietan egindako kanporaketaz, eta nabarmendu du kanporatze horiek egiten dituztenean kontuan hartzeko pertsona horientzako alternatibak, handik ateratzen dituzten arren itzuli egiten direlako, "ez dutelako bizitoki egokirik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.