Bilboko udaletxea okupatzeko deia egina zuten 7Katu gaztetxeko kideek gaur arratsalderako. 18:00ak aldera, dozenaka lagun elkartu dira udaletxe aurrean.
Udaletxeko eskailerak hesiz itxiak daude, eta haien aurrean eserita egon dira hogei bat minutuz. Gero, hesia igaro, eta udaletxeko balkoiraino igo dira bi pertsona. Okupazioaren ikurra eskegi dute balkoitik. Udaltzainek balkoitik eraman dituzte.
Eraikinaren albo bateko sarreraren ondoan, berriz, Bilboko bandera zintzilik duen zutoina dago. Han beste bandera bat eskegitzen saiatu dira, baina udaltzainak etorri eta oztopatu egin diete.
Leku horretan bertan eserialdia egin dute 7Katu gaztetxearen deialdiarekin bat egin dutenek, agiri bat irakurri, eta bukatutzat eman dute ekintza.
Husteko arriskuan
7Katu gaztetxeko kideek uztailean jakinarazi zuten gaztetxea husteko arriskuan dela. Eraikinaren jabeekin negoziazioak eten eta gero, noiznahi hustu dezaketen beldur dira.
Udalari leporatu izan diote gaztetxea hustu nahi izatea eta, horretarako, eraikinaren jabea presionatzea, negoziazioak uzteko.
Horregatik, gaztetxea babesteko sare bat sortzen hasi ziren uztailean bertan. Hainbat ekintza egin dituzte azken hilabetean.