Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Gasteizko zahar etxe bat eta Mutrikuko eguneko zentroa itxi egin dituzte.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Olatz Esteban Ezkati-Irati Urdalleta Lete
2020ko abuztuaren 10a
12:32
Entzun

Zahar etxeetara ere itzuli da birusa. Hainbat gizarte eremutan izan dira kutsatzeak udan, baina bazirudien menia zegoela aurreko hilabetetan gogor astindu zuen sektore horretan. Azken orduetan, baina, jakinarazi dute Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dutela. Prebentziorako neurri gisan egiten diren PCR proben bitartez detektatu dituzte, eta, egoiliarrez gain, zenbait langilek ere positibo eman dute. Kutsaturik dauden egoiliar guztiak asintomatikoak dira, eta Birjinetxe zentrora eraman dituzte; COVID-19 gaitzarekin kutsaturikoak artatzeko zentroa da hura. Positibo eman duten langileak, berriz, bakartu egin dituzte.

Zahar etxeko langile batek positibo emateak piztu zituen alarma guztiak. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu du «azkar erantzuteko» prozesua martxan jarri zutela positiboaren berri izan bezain laster, eta PCR testak egin zizkieten zahar etxeko 74 egoiliarrei eta 150 langileri. Aldundiak ez du jakinarazi egoitza horretako zenbat langile dauden kutsaturik, baina Bizkaiko zahar egoitzetan lanean aritzen diren 28 langilek eman dute positibo COVID-19aren testean, eta 55 bakarturik daude. 

Gasteizen, berriz, itxi egin dute Bizia eguneko zentroa, langile batek COVID-19aren proban positibo eman duela eta. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, itxita egongo da 24 erabiltzaileei eta langile guztiei proba egin arte. Mutrikuko (Gipuzkoa) zahar etxea ere «prebentzioz» ixtea erabaki dute, herri horretako datu epidemiologikoak aztertuta. Arrazoi bera dela eta, Elgoibarko (Gipuzkoa) eguneko zentroak ere itxita jarraituko du. Agerraldien ondorioz itxi zituzten Zarauzko, Orioko eta Eibarko (Gipuzkoa) eguneko zentroak, berriz, bihar irekiko dituztela iragarri du aldundiak.

Gainera, pixkanaka askatasun handiagoa izango dute Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarrek —Elgoibarko eta Mutrikuko adinekoentzako zentroetakoek izan ezik—. Izan ere, zahar etxeetako egoiliarrek kanpora ateratzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Gehienez ordu eta erdiko paseoak emango dituzte, FFP2 maskara jantzita, aire zabalean eta zentrotik hurbil. Paseo horiek bakarrik, langileen laguntzarekin edo gertuko norbaitekin eman ahal izango dituzte.

Uztailaren 18an, Eusko Jaurlaritzak zahar etxeetako bisitak bertan behera uzteko agindua eman zuen, koronabirusaren kasuek gora egiten zutela ikusirik. Abuztu hasieran, ordea, neurriak malgutzea adostu zuten Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Ordutik, egoiliarrek bi pertsonen bisita jaso dezakete. Halaber, positiboak atzeman dituzte zahar egoitzan bertan behera utzi dituzte bisita guztiak, baina gainerakoetan bisitekin jarraituko dute momentuz. Diputazioaren esanetan, prebentziorako neurriak indartu dituzte Bilboko egoitza horretan, eta langileen babeserako ekipamenduak ere areagotu dituzte.

Egunotako kasuen gorakada nabarmenak areagotu egin du zahar etxeen inguruko kezka. Pandemiaren hasieran, gunerik zaurgarrienak izan ziren, eta kutsatze ugari izan ziren bertan. Egoera horretara itzultzea ekiditeko, probak egiten hasiko dira gaur Gasteizko zahar egoitzetan. Diputazioak jakinarazi du 2.000 PCR probatik gora egingo dizkietela zahar etxetako egoiliarrei zein langileei, hirian azken egunetan izan den kasu gorakadaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.