etxe kaleratzeak

Bilbon bere buruaz beste egin duen gizonaren kasua hilketa bat dela salatu du manifestazioak

09:50 aldera, Bilboko Txakoli kaleko 2. zenbakian, bere buruaz beste egin du gizon batek, Ibarrekolanda auzoan. Laugarren solairutik bota du bere burua. Stop Kaleratzeak elkarteak eta beste hainbat taldek deituta, ehunka lagun batu dira iluntzean Sarrikoko metro irteeran, eta manifestazioan joan dira Ibarrekolandara.

2013ko martxoaren 6a
20:43
Entzun

Etxetik bota baino lehentxoago, leihotik salto eginda bere buruaz beste egin du gizon batek Bilbon, gaur goizean. Ibarrekolanda auzoko Txakoli kalean gertatu da.

Jose Antonio Dieguez Garciaren etxera joan da epaitegiko ordezkaritza, etxetik botatzeko, etxe jabeak salaketa jarria baitzion. Alokairua ordaindu gabe zuen hainbat hilabetez. Bereizita, bakarrik bizi zen, eta 13 urteko alaba bat zuen.

Marta Uriarte Stop Kaleratzeak taldeko kidearen arabera, leihoaren ondoan aulki bat topatu dute; uste dute bertatik salto egin duela. Amaia Egañaren kasua gogoan izan du Uriartek; azaroaren 9an egin zuen bere buruaz beste.

Stop Kaleratzeak taldeak eta Sendia elkarteak deituta, ehunka pertsona elkartu dira iluntzean, gertakaria salatzeko.

Sarrikoko metro irteeran bat egin dute, eta gertaeren lekura joan dira manifestazioan. Salatu dute ez dela suizidio bat izan, "hilketa" bat baizik.

"Lotsak hil egiten du"

"Lotsak hil egiten du". Javier Muñoz Stop Kaleratzeak elkarteko kideak eman du ohar argia. Lotsarik eta beldurrik gabe, elkartera jotzeko eskatu die etxea galtzeko larri dabiltzanei.

Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotzia ere bertan izan da. Udalera jotzeko eskatu die arazoak dituztenei. EAJko, Bilduko eta PSE-EEko ordezkariak ere batu dira protestara.

Manifestazioa hildakoaren etxe aurrean amaitu da. Kandelak ipini dituzte, eta minutu bateko isiltasuna gorde dute.

Ibarrekolandako auzotarren elkarteak elkarretaratzera deitu du heldu den larunbaterako. 13:00ean elkartuko dira, Sarrikoko metro irteeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.