Hainbat lagunek bart Bilbon Errekalde auzoan edukiontziak erre dituztela-eta ezker abertzaleak esan du horrelako gertaerak bere "estrategiarekin bateraezinak" direla. "Estatuen posizio immobilista indartu baino ez dute egiten". Efe Espainiako berri agentziak dio Frantziako asteburuko atxiloketak salatzeko manifestazioaren ostean izan zirela erasoak, burua estalita zuten batzuek eragindakoak.
Ezker abertzaleak adierazi du "euskal jendartearen gehiengo zabalak indarkeriazko konfrontazioa eta eskubide urraketa ororen amaiera" exijitzen duela, "eta, ondorioz, jardun errepresiboa eta atzokoaren moduko gertaerak lekuz kanpo daude erabat".
Cristina Ruiz Bilboko Udaleko PPko bozeramaileak erasoak "gaitzesteko" eskatu dio Bilduri. "Bart gertatutakoak ez du ederki utzi Bildu". Ruizen ustez, "ETAren munduak terrorismoa ez du erabat utzi". Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak uste du "salbuespena" dela atzokoa; "hori bai, adierazgarria".
Iosu Murgia Bizkaiko Aralarreko bozeramaileak gertaerak gaitzetsi ditu. "Horrelako jokabideak Gernikako Akordioarekin ez dira bateragarriak".
Espainia eta Frantzia "errepresioa" areagotuz
Ezker abertzaleak Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ere txarretsi du. "ETAren jardun armatuaren behin betiko etenak Euskal Herrian ireki duen aro politiko berri honetan, Madril eta Parisen erantzuna berbera izaten jarraitzen du: errepresio gehiago, blokeo gehiago". Asteburuko atxiloketak eta Oarsoaldeko sei gazteren aurkako zigorrak aipatu ditu, kasu.
"Marko demokratikoaren eta gatazkari aterabide orokorraren alde" mobilizatzen jarraitzeko dei egin dio gizarteari ezker abertzaleak.