Bilbon egingo dute Eskola Publikoaren 20. jaia, gizartearen elkargune izateko

Ohiko leloaren ordez, EHIGEren ustez eskola publikoak izan beharko lituzkeen ezaugarriak jasotzen ditu kartelak

EHIGEko kideak, atzo, 2011ko Euskal Eskola Publikoaren jaia aurkezten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bilbo aukeratu du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak euskal eskola publikoaren aldeko jaia egiteko. Honako hau, gainera, berezia izango da, 20. urteurrena beteko baitu festa eta aldarrikapena uztartzen dituen ospakizunak. Eguna ere iragarri dute: ekainaren 5ean egingo da. Oraindik egitaraua eta bestelako xehetasunak prestatzen eta antolatzen ari dira.

Bilboko leku berezi bat hautatu dute Amurriori (Araba) lekukoa hartzeko: Areatzako pasealekua. Ana Puente EHIGEko presidenteak «herritarren bizimoduaren bihotzean eta hiriburuko erdigune geografikoan» dagoela gogorarazi zuen atzo, Bilbon bertan egindako aurkezpenean: «Egunero milaka lagunen topagune izaten da Areatza». Hala, tokiaren aukeraketak jaiaren mamia ondo laburbiltzen duela iruditzen zaio. «Gurasoentzat, hezkuntza komunitatearentzat eta, oro har, gizarte osoarentzat elkargunea izatea nahi dugu», azaldu du.

Urteroko festa egun hori antolatzen duela 20 urte hasi zirela gogorarazi du Puentek. «Aurreneko jaia Lasarteko hipodromoan antolatu genuenetik, herri eta hirietan ibili gara helburu berberarekin: gure eskola aldarrikatzea, hezkuntza komunitate eta gizarte osoarekin egun eder bat partekatuz», ohartarazi dute. Bi hamarkada hauek betetzea euskal eskola publikoaren parte diren pertsona guztiek egunero-egunero egiten duten lanaren emaitza izan dela ere onartu dute gurasoen elkarteko ordezkariek.

Irribarrea eta zerrenda

Lekua eta eguna iragartzeaz gain, festarako deia egingo duen kartela ere ezagutarazi dute. Unai Molinak egin du. «Alaitasuna eta aldarrikapena batu nahi izan ditugu», azaldu dute antolatzaileek. Alde batetik, barre egiten duen aurpegi moduko bat dauka. «Ez dakigu guri begiratzen digun edo albo batera begiratzen duen, neska edo mutila den, edo agian biak», azaldu du Imanol Zubizarreta EHIGEko zuzendaritzako kideak. Aurpegi horrek zigilu bat osatzen du, eta aurten azpimarratu nahi duten 20 zenbaki hori barne hartzen du bi urtemugekin batera: 1992eta 2011.

Ekaineko festan, oihua are ozenagoa izatea nahi dute, «inoiz baino gehiago, euskal eskola publikoa gure hezkuntza sistemaren ardatza dela azpimarratu nahi dugulako».Horregatik, gurasoen elkartearen ustez eskola publikoak izan beharko lituzkeen ezaugarriak zerrendatu dituzte kartelaren beheko aldean.

Hitz errenkada horrek hartu du leloari zegokion lekua eta garrantzia. Besteak beste, eskolak, publiko eta euskalduna izateaz gain, askotarikoa izan behar duela iruditzen zaie: plurala, berritzailea, herritarra, solidarioa, demokratikoa, parte-hartzailea, doakoa, kalitatezkoa eta laikoa.Edonola ere, ez dituzte ezaugarri guztiak zerrendatu. Atea irekita utzi diete aipatu ez dituztenei edo oraindik sortzeko daudenei. EHIGEko kideen ustetan, aldarrikapen guztiek, baina, ideia argi bat izan behar dute: «Guztion borondateak batzea eta XXI. mendean gure seme-alabek behar duten hezkuntza ereduari begira lan egitea».

Guztientzako eguna

Eguna bera zer-nolakoa izango den ez dute oraindik zehaztu. Ekainaren 5ean dena prest egoteko lanean dihardute EHIGEko kideek. Egitaraua eta bestelako zehaztapenak maiatz inguruan ezagutaraziko dituztela azaldu dute. Edonola ere, adin eta gustu guztietako jendeak ondo pasatu ahal izateko beharrezkoa den egitarau erakargarria atontzen ari direla aurreratu dute.

Festa parte-hartzailea izatea nahi dute. Eta ez bakarrik egunean bertan. Aurretik ere gurasoen, ikasleen, hezkuntza komunitatearen eta enparauen sostengua eskatzen dute. www.ehige-jaia.org helbidean dagoen blogean, jaia nolakoa izatea nahi duen idatz dezake nahi duen guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.