Euskal presoak

Bilbon eta Baionan egingo dute presoen aldeko manifestazioa, urtarrilaren 12an

"Prozesuaren abiadura aldatzeko", engaiamendua eskatuko diete Madrili eta Parisi, Orain presoak lelopean. Gizartea bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatzeko garaia dela nabarmendu dute.

Orain Presoak urtarrilaren 12ko manifestazioa aurkezteko gaur egin duen agerraldia, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2018ko azaroaren 19a
07:12
Entzun

Orain Presoak dinamikak eta Bakegileek mobilizaziora deitu dute urtarrilaren 12rako, Baionan eta Bilbon manifestazioak antolatuta, 17:00etan hasita. Deialdiaren berri emateko, aukezpena egin dute, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Han izan dira Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta Orain Presoak dinamikako hainbat kide. Martxen deitzaileen ustez, bada garaia "prozesuaren abiadura aldatzeko"; hots, azkartzeko. "Urgentziazko garaian sartuak gara!".

Urtarrilaren 12an —larunbata—, Euskal Herriak "nahi eta behar duen bide orria" galdegingo diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, bakearen eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko. "Bilbon eta Baionan esanen dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio politiko zein instituzionalena eta, noski, estatuena".

Estatuei engaiatzeko eskatu izanagatik, gizartearen ardura ez dute apaldu deitzaileek. Nabarmendu dutenez, presoen egoerari irtenbidea emateko "giltza nagusia estatuen esku" egon arren, "gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko bere eginkizuna".

Orain Presoak-en eta Bakegileen iritziz, Euskal Herriak aukera du "aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkarbizitza demokratikoa" lortzeko. Horregatik, ohartarazi dute presoen auziari konponbidea emateko urratsak egiteko garaia dela. "Presoen auzia konpontzeko abagunea etorria da. Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako. Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua".

Orain arte egindako lanari segida ematearen garrantziaz ohartarazi dute, bestalde. Haien esanetan, "gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.