Athleticen eta Betisen arteko partida baten aurretik gertatu zen erasoa, 2017ko apirilaren 27an. Betiseko jarraitzaile ultra bat Bilboko Plaza Barriko terraza batean eserita zegoen gizonezko batengana hurbildu zen, eta Gora Espainia oihukatu zion. "Proetarra" al zen galdetu zion mehatxu keinuekin. Garagardoa bota zion gainera, eta belarrondoko bat eman zion segidan. Gizonezkoak erasotzailearen beste kolpe bat saihestea lortu zuen.
Erasotzailea gaur goizean epaitu dute Bilboko Bigarren Zigor Epaitegian. Fiskaltzak 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, gorroto delitua leporatuta. Bi aldeek akordioa egin dute, ordea. Zortzi hilabeteko espetxe zigorra adostu dute, integritate moralaren kontrako delituarengatik.
Gertakarien unean erasotzailearekin batera zegoen beste akusatuari sei hilabeteko zigorra ezarri diote, erasoa sakelakoarekin grabatu eta sare sozialetan zabaltzeagatik.