Auzitegiak

Bilbon hilda aurkitutako haurraren amarentzat espetxeratze iraunkor berrikusgarria eskatu dute

Gaur hasi da epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Bederatzi urteko alaba drogatu eta itotzea egozten diote amari.

Gertakaria jazo zen etxea Bilboko Atxuri auzoan, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOñA / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 12a
13:41
Entzun

Bederatzi urteko alaba hiltzeagatik emakume bat epaitzen ari dira Bizkaiko Lurralde Auzitegian; gaur eta datorren astelehenean dira saioak. Urtarrilaren 16an gertatu zen, Bilboko Atxuri auzoan: akusatuaren beste alabak, hemeretzi urtekoak, ama eta ahizpa ohean aurkitu zituen, konorterik gabe, gaueko bederatziak aldera; bertaratu ziren larrialdi zerbitzuek ama suspertu zuten, baina haurra bertan hil zen. Ertzaintzak egun batzuk geroago atxilotu zuen ama.

Orain, fiskaltzak, herri akusazioak —Clara Campoamor erakundeak osatu du— eta akusazio partikularrak espetxeratze iraunkor berrikusgarria eskatu dute 37 urteko emakumearentzat. 2015. urtetik, hori da Zigor Kodeak ezar dezakeen zigorrik gogorrena, kasu larrienetarako edo biktimak adingabeak direnerako pentsatua. Bizkaian zigor hori eskatzen den lehen aldia da, eta bederatzi herritar anonimok osatuko dute epaiketaz arduratuko den herri auzitegia. Hilketa egozten diote amari, hildakoa familiako kide izatearen larrigarriarekin; emakumea aztertu duten psikiatren arabera, ez du buruko gaixotasunik.

Bilboko Atxuri auzoko etxean bizi ziren akusatua, bere bi alabak —bederatzi eta hemeretzi urtekoak—, eta zaharrenaren haurra. Gertakarien egunean, biktima eta akusatua etxean bakarrik geratu ziren une batez goizean, haurraren eskolan greba eguna zela eta. Laurek batera bazkaldu eta gero, biktima lo sakon zegoen sofan, «hiru egunetan lo egin ez balu bezala», bere ahizparen arabera. Ondorioz, logelara eramatea erabaki zuten, eta ama ere berarekin sartu zen ohean. Alaba zaharrena gaueko bederatzietan itzuli zen etxera, eta konorterik gabe aurkitu zituen biak. Larrialdi zerbitzuei deitu zien, baina haurra bertan hil zen, eta amak hainbat egun egin zituen koman Basurtoko Ospitalean.

Haurrari autopsia egitean, aurkitu zuten hainbat medikamenturen nahasketa bat irentsi zuela, eta burko batekin ito zutela adierazten zuten sintomak ere bazituen. Ondorioa, hilketa izan zela. Akusatua ere medikamentu horien ondorioz intoxikatu zen, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen zantzuak aurkitu zizkioten. Ertzaintzak atxilotu eta espetxeratu egin zuen, eta ordutik behin-behinean kartzelan egon da. Atxiloketaren ondorengo egunetan, errua hirugarren pertsona bati egozteko hainbat gutun idatzi zituen, baina, auzitegiko adituen ustez, froga haiek «oinarririk gabekoak» ziren.

Ateak itxita

Nekane San Migel herri auzitegiaren presidenteak debekatu egin die ikus-entzunezko komunikabideei epaitegian sartzea, eta prentsa idatziak ere ez du sartzerik izango saiorik garrantzitsuenetan. Neurri hori hartu du prozesua «antzerki bat ez bilakatzeko» eta hildako haurraren memoria «ahalik eta modurik duinenean mantentzeko». Kazetarien erakunde batzuk kexu agertu dira neurriarengatik, «informaziorako eskubidea» urratzen duela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.