Bilbon homosexualak hiltzea egotzitako gizonaren auzian, artxibatuta zeuden kasuetako bat berriz zabaldu du epaileak

Urrian epaitu zuten gizonezkoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, 2021eko hilketa batengatik, eta Ertzaintzak esan zuen akusatuak lotura izan zezakeela beste sei krimenekin. Orain, epaileak «homizidio zantzuak» atzeman ditu artxibatutako auzietako batean.

HOMOSEXUAL HILTZAILEA - EPAIKETA
Bilbon homosexualak hitzea egotzitako gizonaren aurkako lehen epaiketa, iazko urrian. MIGUEL TOÑA / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 12a
09:30
Entzun

Beste hari mutur bat, Bilbon homosexualak hiltzea egotzitako gizonaren auziko korapiloan. EITBk jakinarazi duenez, artxibatuta zeuden kasuetako bat berriz ireki du epaileak: heriotza natural gisa identifikatu zutena «homizidioa» izan litekeela uste du, eta ikerketa bat abiaraziko du. Auzi horren barruan berriz zabaltzen den bigarren kasua da hau. Gehitu elkarteko abokatuak jarri zuen helegitea, eta «begi onez» hartu du berria.

EITBk zabaldutako informazioaren arabera, 2022ko autopsiaren azken txostenean auzitegiko medikuek esan zuten bazitekeela heriotza hura «indarkeria bidezkoa» izatea; zehazki, «beso biluziko itotze teknika» erabili zuela, hildakoak «zentimetro bateko urradura» baitzuen lepoan. Ondorioz, ez dute aurkitu «heriotza naturala izan zela iradoki dezakeen patologiarik», eta «indarkeriazko heriotza» hartu dute hipotesi nagusitzat.

Horrez gain, sakelako telefonotik hartutako informazioa oinarritzat hartuta, epaileek ondorioztatu dute akusatua biktimaren etxean egon zela 2021eko urrian, eta 2.500 euro lapurtu zizkiola: biktimaren banketxera deitu zuen kontuko pasahitzak aldatzeko, eta gero hainbat diru transferentzia egin zituen. Zehazki, pasahitza aldatuta, 500 euroko bizum bat egin zion bere buruari, eta 2.000 euroko transferentzia bat.

Ikerketapean 2022tik

Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzia dioten gizonaren aurkako lehen epaiketa egin zuten iazko urrian Bizkaiko Probintzia Auzitegian; gizon bat hiltzen saiatzeagatik epaitu zuten orduan. Biktima «durduzatzen» saiatu zela aitortu zuen akusatuak, baina ez zuela «hil nahi». Hala ere, epaiketan peritu gisara deklaratu zuen ertzain batek adierazi zuen akusatuak lotura izan dezakeela zazpi hilketarekin, baita beste hilketa ahalegin batekin ere.

Ertzainak azaldu zuenez, 2022ko apirilean agindu bat jaso zuten «beste kasu batzuk» ikertzeko, «akusatuak haiekin lotura izan zezakeelakoan». Izan ere, 2021eko irailetik urrira bitartean, hainbat gizon hilda aurkitu zituzten Bilboko Zazpikaleetan. Instrukzio epaileak akusatua atxilotzea agindu zuen orduan, ziurtzat eman baitzuen gizona erasoa gertatu zen lekuan egon zela.

Aldi berean, Polizia 2021eko irailean gertatutako beste hilketa bat ikertzen ari zen. Ertzainak azaldu zuenez, ikerketa hartan «akusatuaren izena» ageri zen, «diru kontuengatik». Hori dela eta, gehiago sakondu zuten «bankuetako informazioetan», eta akusatua beste heriotza batzuekin lotu ahal izan zuten: «Itxuraz naturalak izan ziren heriotzak; heriotzen ondorengo minutuetan eta egunetan, akusatuak biktimen dirua eta txartelak erabili zituen, eta haien objektu pertsonalak saldu». Poliziak gehitu zuen «kutxazainen hainbat iruditan» ikusi zutela akusatua, «hildakoen txartelekin dirua ateratzen», eta «hildakoen telefonoetatik bizum-ak» jaso zituela, gizonak hil eta minutu gutxira.

Pertsona berak hainbat hilketa egin ahal izan zituela ikusita, 2022ko irailean ikerketa bat jarri zuten martxan. Ordu hartan, bost hilketa ikertzen ari ziren, baina, «akusatua atxilotu zutelako albistea» argitaratu zenean, beste pertsona batek haiengana jo zuen, «antzeko eraso bat jasan zuelako». Guztira, zazpi hilketarekin eta bi saiakerarekin lotu dute akusatua. «Kasu horiek erabat lotuta daude akusatuarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.