Etxebizitza

Bilbon kaleratutako emakumeari «irtenbide duin bat» bermatu diote

Polizia oldartu egin zaie kaleratzea oztopatzen saiatzen ari ziren herritarrei.

Poliziak eta herritarrak, Bilboko Urazurrutia kalean. ERREHARRIA
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 10a
16:32
Entzun

79 urteko emakume bat etxetik kaleratu dute Bilbon. Zazpi urte zeraman Urazurrutia kaleko etxe batean bizitzen, Bilbo Zaharrean, baina azken bolada honetan alokairua ordaindu ezinik ibili da, eta, azkenean, kaleratu egin dute. Edonola ere, Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak nabarmendu du, «herritarren presioari esker», azkenean lortu dutela emakumeari «etxebizitza irtenbide duin bat» ematea –oraingoz, hotel batean egongo da–. Datozen egunetan «adi» jarraituko dutela ohartarazi dute, baina gertatutakoa «garaipentzat» jo dute, eta eskerrak eman dizkiete bertaratutako herritarrei.

Ehun lagun inguru bildu dira Urazurrutia kalean kaleratzea galarazteko asmoz. Ertzainak eta Bilboko udaltzainak ere agertu dira; protestan ari zirenei oldartu zaizkie, eta batzuk jo dituzte. Etxebizitza Taldeak ertzainen jarrera «bortitza» salatu du, eta esan dute akordio batera iritsiak zirela udaltzainak eta Bilboko gizarte zerbitzuetako kideak etxebizitzara sar zitezen, baina ertzainek ez dutela akordio hori errespetatu, eta indarrez sartu direla atarira, hango kristala hautsita.

Emakumeari joan den otsailerako jarri zioten kaleratze data. Orduan saiatu zen beste bizitoki bat bilatzen, baina, kaleratzearen eguna iritsi zenean, inor ez zen agertu, eta han bizitzen jarraitu du. Geroztik, ez du auziari buruzko bestelako berririk izan, harik eta aste honetan jakinarazi dioten arte egun batetik bestera kaleratuko zutela, beste bizitoki bat bilatzeko astirik eman gabe eta kalean gelditzeko arriskuaz. Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak oinarrizko gizarte zerbitzuen «utzikeria» salatu du.

LABen gaitzespena

LAB sindikatuak gaitzetsi du «Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak Urazurrutian erakutsitako jarrera», eta nabarmendu dute udaltzainak «euren eskumenekoak ez diren ordena publikoko eginkizunetan» erabili dituztela. Juan Mari Aburto alkatea egin dute horren erantzule: «Bilboko Udaltzaingoa eredu autoritario eta errepresibo batera eramaten ari da, eta gero eta gehiago urruntzen ari da ustez defendatzen duen hurbileko polizia eredutik».

LABek gogorarazi du Bilboko Udaleko langile batzordean dauden sindikatu guztiek aho batez onartu dutela ebazpen bat, 2013tik indarrean dagoena, eta horren arabera «Udaleko langileak etxegabetzeen ondoriozko kaleratzeetan ez erabiltzeko» eskatzen diotela Udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.