Emakumezko batek salatu du sexu erasoa egin diotela Bilbon. Segurtasun Sailak baieztatu du ikerketa egiten ari direla. Atzo jarri zuen salaketa emakumezkoak, eta orduan abiatu du ikerketa Ertzaintzak.
El Correo egunkariaren arabera, emakumezkoa zerbait hartzen ari zen gizonezko batekin. Komunera joan zen, eta goizean kaleko jarleku batean esnatu zen. Bitarte horretan zer gertatu den ez da gogoratzen. Drogatu egingo zutela uste dute.
Bilboko Udalak "erabateko gaitzespena" azaldu du. Herritarrei eskatu die "zero tolerantzia" izateko erasoren bat ikusten dutenean, ez izateko "konplize". Udalak adierazpen instituzionala onartu du, eta esan du "integritate fisiko eta moralarekiko eraso larria" dela. Azpimarratu du halako erasoak "indarkeria matxistaren isla bat" besterik ez direla, eta ohartarazi du erasoak gizarteko alor askotan daudela, baita haiek guztiak salatzen dituela ere.