Bilbon zauritutako lau emakumeak ospitalean daude oraindik, hiru larri

Gaur eramango dute epailearengana Santutxun erasoa egiteagatik atxilotutako gizona

Maite Asensio Lozano.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Herenegun Bilboko Santutxu auzoan gertatutako erasoan labanaz zauritutako sei lagunetatik lauk ospitaleratuta jarraitzen dute, Osakidetzak atzo jakinarazi zuenez. Laurak emakumezkoak dira, eta horietako hiru larri daude, nahiz eta haien egoerak egonkortzera egin zuen atzoko egunean zehar.

Santutxu lur jota utzi zuen erasoak astelehen goizean. 31 urteko gizonezko batek zazpi pertsona labainkatu zituen. Zabalbide kalean bikote bat sastakatu zuen lehenengo, eta hura geldiaraztera hurbildu zirenei zein bidean gurutzatu zitzaizkienei eraso zien ondoren. Errondabide tabernan sartu eta beste bi lagun labainkatu ostean, bizilagunek hura geldiaraztea lortu zuten.

Zaurien ondorioz, Kepa Mallea Olaetxea 65 urteko irakasle ohia zendu zen. Atzo, zenbait auzokideek loreak eta kandelak utzi zituzten tabernaren kanpoko aldean, haren omenez. Erasoan, beste lau andre eta bi gizon zauritu ziren. Gizonek, dena den, zauri arinagoak zituzten, eta astelehenean bertan jaso zuten senda agiria.

Emakumeen egoera, ordea, larriagoa da. Bi Basurtuko ospitalean daude; hain justu, euretako bati ebakuntza egin ala ez aztertzen aritu ziren astelehen arratsaldean, eta azkenean, gauean operatu zuten. 20 urterekin, bera da biktima gazteena; gerrialdean jaso zuen labankada, eta larri dago, baina egonkor. Basurtun dagoen beste emakumearen egoerak hobera egin zuen atzo.

Beste bi zaurituak Gurutzetako ospitalean (Barakaldo) daude; biei ebakuntza egin zieten herenegun. 30 urtekoak bular inguruan zeukan zauria, eta larri jarraitzen zuen atzo, nahiz eta bere egoera egonkortu zen. 47 urtekoak, berriz, hobera egin zuen atzo, baina larri dirau.

Erasotzailea, Ertzaintzan

Ertzaintzak herenegun gertatutakoa ikertzen jarraitzen du. Ustezko erasotzaileak atxilotuta daukate; hasiera batean, atzo epailearen aurrera deklaratzera eraman nahi zuten, baina gaur arte atzeratu behar izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.