Migratzaileak

Bilbora iristen diren migratzaileei laguntzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Koalizioak kritikatu du egun herritarrek hartzen dutela euren gain etorkinei laguntzeko ardura.

Jasone Agirre legebiltzarkidea eta Alba Fatuarte Bilboko zinegotzia. EH BILDU
2018ko abuztuaren 14a
12:42
Entzun

"Epe laburretik harago" doazen estrategiak eskatu dizkio EH Bilduk Bilboko Udalari, eta salatu du gaur egun bizilagunak direla migratzaileei arreta eskaintzen dietenak. "Bilbo Zaharreko bizilagunek, esaterako, egunean 40 edo 50 pertsonari laguntzen zieten hasieran, baina orain 150 artatzera ere iritsi dira. Horiei gehitu behar zaizkie Gurutze Gorriak Bilbon duen aterpetxean lo egiten duten 88ak".

Duela hilabete egindako deiari erantzun ez izana egotzi dio koalizioak udalari, eta leporatu ez dituela martxan jarri iragarritako neurriak. "Premiazko harreraren kasuan, esaterako, harrera 3 egunetik 5 egunera luzatuko zutela esan zuten, baina neurri hori ez da abian jarri", salatu du Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak.

Migratzaileek dituzten beharrei erantzuteko osatutako instituzioen arteko mahaiak hartutako neurriak ez direla nahikoak adierazi du Agirrek, eta gogorarazi du legeak ahalbidetzen duela premiazko harrera zerbitzua astebete luzatzea.

Koalizioak ohartarazi du, era berean, Bilbora heltzen diren migratzaileetako batzuen asmoa bertan geratzea dela, baina, asiloa eskatu arren, 2019ko apirila arte itxaron behar dute hitzordua lortu ahal izateko. "Inoiz baino beharrezkoagoa da harrera estrategia eraginkor bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.