Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta Bildu koalizioako ordezkariak iragarri du Bildu osatzen duten alderdiak eta EAJ datorren astean bilduko direla Espainiako hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkezteko aukerari buruz hitz egiteko.
Ezker abertzaleak, Alternatibak eta EAk pasa den abuztuaren 5ean aurkeztu zuten Espainiako hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkezteko Aralarri eta EAJri luzatutako proposamena.
Jeltzaleek ezezkoa eman diote jada proposamenari, baina Bildu osatzen duten alderdiekin bilera egiteko prest agertu dira.
Aralarrek askoz ere jarrera irekiagoa erakutsi du proposamena egin zen momentutik. Zuzendaritza proposamena onartzearen alde agertu da baina alderdiak irailaren 17an egingo du V. Kongresua, eta alderdikideek bertan onetsi beharko dute hauteskundeetara aurkezteko formula. Aralar parte den Nafarroa Bairen baitan, ordea, proposamenarekiko desadostasunak sortu dira. Koalizioa osatzen duten independenteek eta EAJko kideek ezezkoa eman diote ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak eginiko proposamenari.